2020-10-14 16:11
Gipuzkoako Metaleko lan hitzarmen berria (40.000tik gora langilerengan eragina duena) gaur sinatu da, hamar urtez berritu gabe egon ostean; ordezkaritzaren %48a duen ELA sindikatuaren bultzada funtsezkoa gertatu da azken asteetan lan- eta soldata-baldintzek eta eskubideek hobekuntza nabarmena izan dezaten. Aurrez ELAk ontzat eman zituen edukiekin beste sindikatuek bat egin izanak erakusten du akordioaren garrantzi historikoa.

Honi esker soldata igoera handia eta hainbat neurriren bidez egonkortasuna finkatuko da, prekaritatea asko murriztu eta genero berdintasun handiagoa duen metalgintza sektore baterantz hurbilduko da .

ELAko militanteek lehenago aztertua zuten akordioaren edukiarekin bat egin dute beste sindikatu batzuk; honakoak dira:

  1. Soldata-tauletan %8,8ko soldata igoera 2019 urteraino (baita dieta, bidaia eta abarretan ere), eta %0,8koa 2020rako (beraz, guztira %9,6). 2021 eta 2022 urteetarako KPI bermatuko da sektoreko enpresa guztietan (indizea negatiboa balitz aldea ez da itzuli behar).
  2. Inaplikazio klausula (lan erreformaren kontrako blindajea).
  3. Ultraaktibitate mugagabea (orain arte hitzarmenean ez zegoen inolako ultraaktibitaterik).
  4. Azpikontratetako langileen subrogazioa mantentze-lan, biltegi eta logistika, garbitasun industrial eta instalazio telefonikoetan. Honek egonkortasuna ematen die enpresa nagusitik at diharduten milaka langileei.
  5. ABLE bidezko kontratazioa gehienez urtebetekoa izango da (epealdi hori, baita aldi baterako kontratuena, antzinatasunerako aintzat hartuko da).
  6. Berdintasuna. Enpresek legeak derrigortzen duena baino informazio gehiago emango dute, bete beharreko epeen barruan.
  7. Lizentziak. Bizikidetza ez da derrigorrezkoa hartu ahal izateko.
  8. Malgutasuna: Aurreabisu epea 5 egunekoa izango da, ez 3koa orain arte bezala.
  9. 49. artikulua aldatuko da: Soldata aldaketa kolektiboak aplikatzeko ezinbestekoa izango da akordioa.
  10. Gipuzkoako lan hitzarmenaren aplikazioa lehentasunezkoa da, estatukoaren aldean.

Halaber, gaur planteatu da aktibatu egingo dela Berdintasun Batzordea; hau 2007-2009ko lan hitzarmenean adostu zen, zeina Adegik, LABek, CCOOk eta UGTk sinatu zuten, baina 13 urtez ez du jarduerarik izan. 

ELAk bere poza adierazi nahi du. Hitzarmen honekin Gipuzkoako Metala erreferente ukaezina bilakatu da. Milaka metalgilek izan dituzte beren lan baldintzak izoztuta; orain eguneroko bizimodua dezente hobetzeko aukera izango dute. 

Negoziazioa ez da erraza izan. Langile-klasearen kalterako baino ez diren kritikak gorabehera, ELAren helburua izan da akordio honetako edukiak lortzea, eta hauek “historikoak” dira, esan dugun bezala. Orain beste sindikatuek ere akordioarekin bat egitean argi geratu da zeinen garrantzitsua den.

Akordio honek ikuspegi estrategikoa, epe luzekoa, islatzen du. Gure lehiakortasuna ez da lan baldintzak prekarizatzetik etorriko. Aitzitik, hartu beharreko bidea kontrakoa da: Langileei beren benetako balioa aitortzea eta lanerako baldintza duinak bermatzea.

Hitzarmen honek beste zerbait ere utzi du agerian: Gipuzkoako gizarteak pairatzen duen genero arrakala. Sektore batzutan gizonezkoak gehiengoa dira, esaterako eraikuntza, papergintza eta metala; hauetan hitzarmenak berritu dira. Hots, eraikuntzan eta kontsumo-ondasunen produkzioan lan egiten dutenek hitzarmen duinak dituzte. Kontrara, pertsonak zaintzen dituzten langileak, gehien-gehienak emakumeak, pandemiari aurre egiten ari direnak egunero osasuna arriskuan jarriz, baldintza prekarioetan egiten dute lan. Egoera ezin larriagoa da, eta ardura nagusia duen erakundea, hots, Gipuzkoako Foru Aldundia, interpelatzen du. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.