2018-03-13 11:29

 

Soldata arrakala eman dadin bi faktore nagusi daude, zaintza lanek sortzen dituzten eraginak eta emakumeek egiten dituzten lanen balio txikiagoa. Arazoa ez dago diagnostikoan, arrakalari aurre egiteko neurri zehatzak behar ditugu.

Gipuzkoako bulegoetako garbikuntzako langileek, kale garbikuntzakoekiko 1.000 eta ia 6.000 euro arteko diferentziak dauzkate oinarrizko soldatan, bulegoetako langileen kaltetan, kalean lan egiteak eragiten dituen lansari osagarriak alde batera utzita. Kale garbikuntzako langile gehienak gizonezkoak dira eta bulegoetakoak emakumeak.

Bulegoetako langile asko eta asko administrazioak emandako emakidetan edo CONFEBASKeko kide diren enpresetan lan egiten dute. ELAk dei egiten die administrazio eta patronalari soldata arrakala horrekin amaitzeko mahai bat osa dadin eta berriztu behar ditugun hitzarmen kolektibo guztietan soldata igoerak finantzatzeko dirua jar dezaten.

ELAren ustez soldata arrakalari buruzko eztabaida desitxuratzeko asmoz sortu dute martxoaren 20an bilduko den Elkarrizketa Sozialerako foroa. Soldata arrakalaren atzean dagoen eztabaida despolitizatzen saiatzen ari dira, horregatik ez dute lan esparru zehatzik ezartzen, eta berdintasunerako dei hutsalak egiten dituzte.

Soldata arrakalaren aurrean dauden eragileek aukera paregabea dute urrats zehatzak emateko. Bizkaiko zahar-egoitzetan 370 greba egun egin behar izan genituen 1.200 eurotako soldata ziurtatzeko, administrazioek ez ziotelako zaintza lan horri zegokion balioa eman nahi. Gipuzkoako bulegoetako garbikuntzan aukera dute Martxoaren 8an zerbait ikasi zutela erakusteko, ez badute zentzu horretan ezer egiten greba horretan ezer ikasi ez zutenaren seinale izango da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.