2019-10-18 11:31
Lan-baldintza eta zaintza duinaren alde Gipuzkoako zahar-egoitza eta eguneko zentroetako langile grebalariek lurralde osoan zehar egindako martxa Donostian bukatu da. Gipuzkoako hiriburuan ere eman zitzaion hasiera urriaren 7an, eta geroztik, Beasain, Ordizia, Zumaia, Zarautz, Irun, Eskoriatza, Arrasate, Tolosa, Villabona, Errenteria, Elgoibar, Azkoitia eta Azpeitian izan dira grebalariak euren gatazkaren berri emateko. Aipaturiko udalerri askotan udal agintariekin egoteko aukera ere baliatu dute euren gatazkaren berri emateko.

`Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu´ lelopean, manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan. Bertan izan da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazka bere horretan mantentzea leporatu dio. Baieztatu duenez, greba honek argi erakutsi du bi eredu kontrajarri daudela aurrez aurre: batetik, negozioa lehenesten duen Aldundiarena; eta bestetik, ELAk eta grebalariek bultzatu nahi dutena, alegia, pertsonak lehenetsiko dituen eredua. “Pertsonak lehenesten direnean erabiltzaile eta langileak ere zaintzen dira, ezin daiteke gauza bat ulertu bestea gabe”, laburbildu du.

ELAri akordiorako borondaterik ez izatea leporatu diote sarritan agintariek. Bada, Lakuntzak gogora ekarri du ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin akordia lortu zuela baina Aldundiak ez zuela bere gain hartu nahi izan, are gehiago, dokumentua faltsutu zuela. “Penagarria da baina Aldundiak akordioa blokeatu nahi du ez duelako zaintzaren eredua aldatu nahi, zaintza negozio bat bezala ikusten duelako”.

Lan hitzarmenaren alde 100 greba eguneko langa gaindituta, argi daukate grebalariek gatazka luzatzen ari dela emakumeak direlako. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dute, 6.000 euro gutxiago urtean, “emakume izate soilagatik”, behin eta berriz gogorarazi dutenez. Non dago martxoaren 8ko Aldundiaren mezu feminista? Guk ez dugu inondik ikusten”, galdegin dio Lakuntzak Gipuzkoako Diputazioari.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan-baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, egoera hankaz gora dago. "Lehendakariak dio guk ez daukagula negoziatzeko borondaterik. Gure borondatea ikusi nahi badu galdetu diezaiola Maite Peñari ea zer egiten den gurean patronal eta sindikatuen arteko akordioekin. Ukatu eta faltsifikatu!", salatu du Lakuntzak. 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.