2020-02-06 12:39
ELAk, LABek eta CCOOek hitzarmen kolektiboaren alde mobilizatzera deitu dituzte otsailaren 6an Gipuzkoako Esku-hartze Sozialaren sektoreko langileak. Zehazkiago esateko, bi elkarretaratze izan dira: goizeko 11:00etan Aldundi-jauregiaren aurrean, eta 11:45etan udaletxearen ondoan.

Elkarretaratze horiek lehenak izan dira mobilizazioen agendan, hurrengoa otsailaren 14an, goizeko 09:00etan, izango da, LHKaren egoitzaren aurrean, hitzarmena negoziatzeko mahaiaren hurrengo bilerarekin bat.

Mobilizazio agenda horren bidez ELAren, LABen eta CCOOen asmoa zera da: sektoreko patronala benetako negoziazio bat egitera behartzea. Otsailaren 4ko bileran Hedatzen patronalak sektoreko egungo lan-baldintzak okertzeko neurriak proposatu zituen berriro. Neurri horien artean daude 2019rako soldatak izoztea eta proposatzen dituzten gainerako urteetarako (2020-2022) KPIaren bermerik eza, lantokiko bajen ehunekoaren araberako ABE osagarriak, plusen bateraezintasuna, probaldia 6 hilabetera luzatzea eta zehapen-araubidea berrikusteko proposamena.

Azkenik, sindikatuek dei egiten diete sektoreko langileei egungo hitzarmenaren defentsan mobilizatzera eta beren lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzera.

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.