2018-11-26 15:46
aste honetako lehenengo greba eguna izanik ELA-ko sektoreko langileek masiboki adierazi diote atxikimendua grebari, aste osoan egingo duten bezala. Ehundaka langilek parte hartu dute Txara II zahar-etxean egin den elkarretaratzean. Patronalak eta Aldundia arduragabekeriz jokatzen jarraitzen badute ELA-ko langileek argi daukate mobilizazio eta greban jarraituko dutela egoera irauli arte.

Sektoreko hitzarmenaren negoziazioak bere horretan jarraitzen du eta bi aste hauetan ez da inolako mugimendurik egon Gipuzkoako erresidentzietako mahai sektorialean. ELA sindikatutik patronala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu nahi ditugu. ADEGI, GAREN, LARES eta MATIA 2020 patronalek 2017 eta 2018rako soldaten izoztea planteatzen jarraitzen dute eta ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan. Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen.

Negoziazioaren egoera onartezintzat jotzen dugu ELAtik, eta erantzun serioak eskatzen dizkiogu bai Aldundiari, baita patronalei ere, behingoz aurrerapausuak eman ditzagun. Langileen aldarrikapen nagusienak: hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…), 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, lanaldien normalizazioa, ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz, norberaren zereginetarako egunak, gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea, 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak, hobekuntza sozialak….

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.