2018-09-12 13:10
Bizi duten errealitatea salatzeko grebari ekingo diote berriz, euren egoera Foru Aldundiak berdintasunaren alde egiten dituen deklarazio instituzionaletik oso urrun dagoela argituz. 22 hilabete pasa dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetako hitzarmen berria adosteko eta indarrean zeuden enpresa-hitzarmen kolektiboak berritzeko negoziazioak hasi zirenetik. Erresidentzietako langileen asmoa oso argia izan da hasieratik: akordio bakarra egitea eta bi esparruetako hitzarmen kolektiboak sinatzea (sektore-hitzarmena eta enpresa-hitzarmenak aldi berean sinatzea). Egoeraren blokeoaren aurrean irailaren 28an greba deitzea beste biderik ez dute izan. Urrian, azaroan eta abenduan ere izango dira lanuzteak.

Negoziazioak hasi zirenetik 22 hilabete pasa diren honetan, patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beren proposamena disimulurik gabe jakinarazi dute: enpresa-hitzarmena duten langileen soldatak izoztea; eskubide sozialak kentzea (hobekuntzak dituzten langileak zigortuz); enpresa-hitzarmenak indargabetzea (hori baita erreforma aurkako klausulak bermatu daitezkeen esparru bakarra); eta hainbat eta hainbat egoitzatan dauden hobekuntzak desagertzea, alegia, 2005-2008 abiapuntu hartzea nahi dute, egungo zaintza sistema jasangarria ez dela argudiatuz.

Ezin dugu ahaztu egungo negozio eredu hau arduradun politikoek eta patronalek adostutakoa dela, eta emakumeak esplotatu eta prekarizatzera espresuki bideratua dagoela. Esanguratsua da: langileen %90 gizonezkoak diren eta pribatizatuta dauden beste negozio eremu batzuetan soldata arrakala 6.000 eurokoa da (% 30).

Martxoaren 8an euskal erakunde gehienek bat egin zuten egun horretarako grebaren helburuekin. Gogoratu, helburuetako bat emakumeek pairatzen duten soldata arrakala eta diskriminazioarekin bukatzea izan dela. Abagunea tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat arduradun onartutako deklarazio instituzionalaz harro mintzatu ziren. Bertan Aldundiak <> desberdintasunak gainditzeko < premia>> onartu eta pauso irmoz aurrera egiteko konpromisoa hartzen du. Testuak zera adierazten du: < arrakalei>>. Aldundiak, baita ere, Gipuzkoako enpresetan (beraien ardurapekoak direnetan, behinik behin) bereizketa eta soldata arrakala gutxitzeko neurriak martxan jartzeko apustua egiten zuen bertan.

Martxoak 23an egindako prentsaurrekoan ELAko ordezkariok adostutako planaz hitz egin zen. Gaur, irailak 12, ELAko ordezkariek plan hori berretsi dute. Lehenengo fasea, sozializazioarena, egina dago, eta mobilizazio eta greben ordua iritsi da. Egoera honetara iritsi gara 6 hilabete hauetan ez delako inongo aurrerapausorik egon. Orduan esan bezala, badakigu luzea eta gogorra izango dela oraingo borroka hau ere, negoziazio kolektiboaren alde, lan-baldintzak berehala normalizatzeko, soldata arrakalekin bukatzeko pausoak emateko, negoziazio-esparru guztiak mantentzeko (ez diegu utziko enpresa-hitzarmenak deuseztatzen) eta gure sektorean nagusi den prekarietatea behingoz ezabatzeko bidean aurrerapauso nabarmena ekarriko duten hitzarmen kolektiboak sinatzeko borroka.

Era berean, batzarrean erabaki da lantoki guztietan batzarrak egitea, oraingo egoera denei ongi azaltzeko, negoziaketan honetan lehenetsi diren edukiak azaltzeko eta irailaren 28ko lehenengo greba egunean parte hartzera animatzeko. 28koa izango da grebaren abiapuntua, luze joko duena eta hiletik hilera gogortuz joango dena.

ELAko ordezkariok argi dugu zein-nolako akordioa sinatuko dugun: akordioak gure hitzarmenak berritzen utzi behar du, hitzarmen berrien abiapuntua gure enpresa-hitzarmenetan ditugun baldintzak errespetatu behar ditu, eta soldata-hobekuntza nabarmenak ekarri behar ditu (guk kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dugu), eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartu behar ditu (20 minutuko atsedenaldi ordaindua, ratioak, plusak -antzinatasun, igande, jai-egun, gaueko...- dezente hobetu, bikoizketak kendu).

Honengatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten diogu, lehenbailehen errealitate anker honi aurre egin diezaion. Justizia eta errespetuagatik, emakumeen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzten arrakala guztiekin bukatzea eskatzen diogu.

Hona hemen Gipuzkoako erresidentzietako greba egunak:

Irailak 28.

Urriak 24-25-26.

Azaroak 26-27-28-29-30.

Abenduak 24tik 31 arte.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.