2018-12-18 11:35
Gipuzkoako erresidentzietako ELAko langileek greba egingo dute abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31n. Onartezina da patronalen jarrera gatazka honetan; baita Diputazioaren jarrera pasiboa negoziazio prozesuan ere. Kontrako jarrera dute, ordea, zerbitzu minimoen gehikuntza bultzatzeaz ari direnean. Izan ere, gutxieneko zerbitzuen beharra dagoela saltzeko txosten interesatua eta aldebakarrekoa sortu dute. Horrek greba eskubidea urratzeaz batera, gatazka luzatzea dakar.

ELAk helegitea aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak urriaren 19an gutxiengo zerbitzuak betetzeko dekretatutako aginduaren kontra. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarri du helegitea, urriaren 19tik gaurdaino azken greba deialdietan aplikatu den dekretu horrek grebarako eskubidea urratzen duela iritzita.

Helegitea jartzeko arrazoien artean, bi dira nagusi: batetik, zerbitzua betetzeko langile gehikuntza ez dagoela arrazoitua eta desproportzionatua dela; bestetik, erabakia Foru Aldundiaren inspekzio txosten batean oinarritzen dela, nun lehenengo greba egunean gertatutako ustezko arduragabekeriak enpresen zuzendaritzen ahotik jasotzen diren. Axolagabekeria hauek enpresen zuzendaritzek diputazioak bidalitako galdetegi baten bidez jasotzen dira eta ez dira bere inspektoreek egindako bisitetan oinarritzen, ez baitziren bisita horiek gauzatu. Jasotako informazioaren kontrasterik ere ez da egin.

Ez dugu ahaztu behar bi urte pasa daramagula sasi negoziazio honetan. Bada, mahaian eserita dauden lau patronalek oraindik ez dute sindikatuok egindako proposamenari erantzun. 2017 eta 2018 urteetarako soldaten izoztea proposatu dute, besterik ez.

Egoera honen aurrean, erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileok ez dugu beste aukerarik borrokan jarraitzea baino. Hori dela eta, gabonetan ere gure aldarrikapenetan irmo jarraituko dugu, ekintza ugariz betetako agenda garatuz.

Azken aldian burutako batzarrek argi uzten dute greba deialdi batetik bestera jarraipena goraka doala. Beraz, beste behin sektoreko langileak animatzen ditugu greba egitera eta antolatutako ekintza handietan parte-hartze aktiboa izatera.

ELAn argi dugu zer-nolako akordioa sinatuko dugun: gure hitzarmenak berritzea ahalbidetuko duena; hitzarmen berrien abiapuntua gure enpresa-hitzarmenetan ditugun baldintzak errespetatuko dituena; soldata-hobekuntza nabarmenak ekarriko dituena (kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dugu); eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartuko dituena (20 minutuko atsedenaldi ordaindua, ratioak, plusak -antzinatasun, igande, jai-egun, gaueko...- dezente hobetu, bikoizketak kendu).

Honengatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten diogu, lehenbailehen aurre egin diezaion errealitate anker honi. Justizia eta errespetuagatik, emakumeen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzten arrakala guztiekin bukatzea eskatzen diogu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.