2018-02-27 11:10

Urte hauetan sektoreko langileak oso baldintza txarrak pairatzen ari dira. Hitzarmenaren eta soldata-taulen urraketa sistematikoa eta ilegala izanik, egundoko lan sindikala egitera behartuta izan gara aplikatuko dela bermatzeko: Foru arauek, Herritar Legegintza Ekimenak eta, batez ere, obra bakoitzean jendeak beldurra galdu eta honelako egoerak sala ditzan etengabe egindako lanak bete du gure eguneroko agenda. Lan hitzarmena betearazteko lana betidanik izan da, eta izango da, ELAren ikurra. Denbora honetan gure ordezkariza %60raino hazi da.

Gaur sektorearen egoera aldatu egin da: Azken hamarraldiko lanik gehien oraintxe ari da egiten. Lurraldeko obrarik garrantzitsuenak besterik ez aipatzearren, hor ditugu Deskargako errei bikoitza, Anoetako futbol zelaia, Erraustegia, AHT, Txomin Enea...

Beraz, gauzak bere onera etortzen ari dira, baina ELAk ez du onartuko hori izaterik hitzarmena urratuz edota 2009ko soldata-taulekin. Horregatik, erabaki dugu Gipuzkoako Eraikuntzako eta Herrilanetako Lan Hitzarmenaren mahai iraunkorra deitzea.

Badakigu patronalak ez daukala hitzarmena berritzeko gogorik, eta hori lortzeko borroka beharrezko izango dela. Noski, ugazaben jarrera aldatzeko argi dago soilik bide bat dagoela, langile-klaseak erabaki dezakeen bitartekorik gogorrena erabiltzea: greba.

ELA prest dago Hitzarmen Probintzial berri baterantz daraman bidea urratzen hasteko, helburua delarik lan baldintza duinak lortzea eta aplikazioa hobeto bermatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.