2020-02-21 13:54
Gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko nazioarteko egunaren bezperan, Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileen soldata arrakala salatu nahi izan dute. Horretarako, agerraldia egin dute Donostian, salaketa publiko egiteko eta soldata-arrakalaren arduradunei euren erantzukizuna leporatzeko.

Hau da aurkeztu duten agiria:

 

Ez dugu hitzkeria gehiago onartuko. Ez dugu propaganda politiko gehiagorik onartuko. Ez gure kontura. Nazkatuta gaude, eta argi utzi nahi dugu ez garela isilduko ez erakundeen ezta patronalaren jarreraren aurrean ere.

Gaur, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko nazioarteko egunaren bezperan, Gipuzkoako eraikin eta lokalak garbitzen ditugun langileok bizi dugun egoera salatu nahi dugu.

Zer da soldata-arrakala? Soldata-arrakala bidegabekeria soziala da. Emakumeok jasaten dugun bidegabekeria bat da, emakume izate hutsagatik. Gizarte osoari dagokigun gaia da, eta guztiz injustu gisa identifikatzen dugu. Gizarteak ezin du beste alde batera begiratu horrelako egoeren aurrean. EAEn soldata-arrakala %24koa den bitartean, eraikinen eta lokalen garbikuntzaren sektorean soldata-arrakala are handiagoa da, %28koa.

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako sektorean 5,000 langile inguru gaude. 5,000 horietatik, ia %80a emakumeak dira; beraz, argi eta garbi feminizatutako sektoreaz ari gara. Gipuzkoan, sektore horrek %28ko soldata-arrakala du probintzia bereko kale-garbikuntzarekin alderatuta, 1.000 langilek baino gehiagok osatzen duten sektorea azkena, eta horietatik %80 baino gehiago gizonak dira. 

Zertaz ari gara? Emakume horiek gizonek baino %28 gutxiago kobratzen dute lan bera egiteagatik, garbitzeagatik. Hau da, hiru hilabete eta erdi doan egiten dugu lan.

Bi sektore horien artean, funtsean, lau alde daude:

  1. Batzuek eremu publikoak garbitzen dituzte, eta besteek eremu ikusezin eta pribatuenak.
  2. Eraikin eta lokaletan, emakume langileen erdiek baino gehiagok lanaldi partzialeko kontratua dute, eta egiten diren kontratu berrien %90 lanaldi partzialekoak dira; kale-garbikuntzako sektorean, berriz, partzialtasuna % 15 ingurukoa da.
  3. Sektore bateko kide gehienak gizonak dira, eta besteak, berriz, emakumeak, eta antzeko lana egiten duten lehenengoek soldatan %28 gehiago jasotzen dute.

Eraikinak eta lokalaen garbikuntzako Gipuzkoako hitzarmen probintzialaren mahaian, urtebeteko negoziazioaren ondoren, patronalak ez du entzun ere egin nahi soldata arrakalari buruz. Erabat ukatzen du egoera hori, eta, beste behin ere, langile horien egoera ikusezin bihurtzen du. Kolektibo honek %10 inguruko erosmen-ahalmena galdu duela ere ez du kontuan hartzen.

Urte osoan zehar, hiru mehatxu nagusi egon dira patronalaren aldetik:

  1. Alde batetik, patronalak ez du KPIaren erreferentziaz hitz egin nahi, eta horrekin ez dugu erosmen-ahalmenik ziurtatzen.
  2. Bestalde, patronalak oraingoz egin dituen soldata-proposamenek ez digute ziurtatzen ezta aurreko urteetako KPIa ere.
  3. Eta, azkenik, patronalak ziurtatu du ez dela atzerapenik egongo pasa den urterako, bere hitzetan “año vencido, año comido”.

Mehatxu horien aurrean sektorea greba egun batera joan zen abenduaren 17an.

Behin 2020. urtea hasita, otsailaren 10ean bildu zen berriro negoziazio mahaia. Negoziazio horretan egiaztatu ahal izan genuen patronalaren mehatxua, ez da atzerapenik egongo, ezta KPIaren erreferentziarik ere.

Patronalaren jarrera ikusita sindikatu guztiok ondorioztatu dugu mobilizatzeko garaia dela. Garbikuntzako emakumeok kaleak berriro hartzeko garaia da. Benetako berdintasun baten alde borrokatzeko ordua da, propaganda politikotik haratago. SOLDATA-ARRAKALArekin amaitzeko ordua da!

Horregatik, eraikin eta lokalen GARBIKUNTZAKO langile guztiei deia egiten diegu, beste behin ere martxoaren 8an kaleak har ditzagun. Eibarko eta Donostiako mobilizazioetan elkartuko gara, garbikuntzako emakumeak bidezko den kausa honen alde borrokatzeko prest daudela argi uzteko.

Abenduan hasi genuen bideari jarraitzeko garaia da, mobilizatzeko eta gure aldarrikapenak ikusarazteko garaia da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.