2018-03-23 11:59

Ia 16 hilabete joan dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetako hitzarmen berria adosteko, eta indarrean zeuden enpresa-hitzarmen kolektiboak berritzeko negoziazioetan hasi ginela. Gure asmoa oso argia izan da hasieratik: akordio bakarra egitea eta bi esparruetako hitzarmen kolektiboak sinatzea (sektore-hitzarmena eta enpresa-hitzarmenak aldi berean sinatzea).

Gogoratu, denboraldi honetan, patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beren proposamena disimulurik gabe jakinarazi dutela: enpresa-hitzarmena dugun langileon soldatak izoztea, eskubide sozialak ezabatzea (hobekuntzak dituzten langileak zigortuz), enpresa-hitzarmenak indargabetzea (hori baita erreforma aurkako klausulak bermatu daitezkeen esparru bakarra), eta hainbat eta hainbat egoitzatan dauden hobekuntzak desagertzea, alegia, 2005-2008 abiapuntu hartzea nahi dute; egungo zaintza sistema jasangarria ez dela argudiatuz.

Ezin dugu ahaztu, egungo negozio eredu hau, arduradun politikoek eta patronalek adostutakoa dela, eta emakumeak esplotatu eta prekarizatzera espresuki bideratua dagoela. Azpimarratu, pribatizatuta dauden beste negozio eremu batzuetan eta langileen %90 gizonezkoak direnak, soldata arrakala 6000 €takoa da (%30).

Berriki, martxoaren 8an, euskal erakunde gehienek bat egin dute egun horretarako grebaren helburuekin. Gogoratu, helburuetako bat emakumeok pairatzen dugun soldata arrakala eta diskriminazioarekin bukatzea izan dela. Abagunea tarteko, Guipuzkoako Foru Aldundiko hainbat arduradunei entzun diegu, onartu berri duten deklarazio instituzionalaz harro mintzatzen. Deklarazio honek, "etengabeak diren" desberdintasunak gainditzeko < premia >> onartzen du, eta pauso irmoz aurrera egiteko konpromisoa hartzen du. Testuak zera adierazten du;"justizia eta errespetuagatik, adorearekin eta ausardiaz aurre egin behar diegu, gehiago edo gutxiago ikusten diren, baina emakumeen etorkizuna baldintzatzen duten arrakalei". Aldundiak, baita ere, Gipuzkoako enpresetan (beraien ardurapekoak direnetan, behinik behin) bereizketa eta soldata arrakala gutxitzeko neurriak martxan jartzeko apustua egiten du.

Gaur, martxoak 23, ELAko ordezkariok batzarra egin dugu, gure negoziazio ereduan berresteko eta negoziaketarako lehenetsitako edukiak eta mobilizazio plana onartzeko. Mobilizazio plana 2 fasetan bereiztuko da; lehenengoak, sozializazioa izango du helburu eta bigarrenak, mobilizazioen gogortzea, udazkenean grebara joaz. Jakin behar dugu luzea eta gogorra izango dela gure oraingo borroka hau ere, gure negoziazio kolektiboaren alde, gure lan-baldintzak berehala normalizatzeko, soldata arrakalekin bukatzeko pausoak emateko, negoziazio-esparru guztiak mantentzeko (ez diegu utziko gure enpresa-hitzarmenak deuseztatzen) eta gure sektorean nagusi den prekarietatea behingoz ezabatzeko bidean aurrerapauso nabarmena ekarriko duten hitzarmen kolektiboak sinatzeko.

Batzarrean erabaki dugu, baita ere, lantoki guztietan batzarrak egitea, oraingo egoera denei ongi azaltzeko, negoziaketan honetan lehenetsi ditugun edukiak azaltzeko eta onartutako mobilizazio plana azaltzeko. Hau izango da kanpainaren abiapuntua, luze joko duena eta hiletik hilera gogortuz joango dena.

ELAko-ordezkariok argi dugu zein-nolako akordioa sinatuko dugun: akordioak gure hitzarmenak berritzen utzi behar ditu, hitzarmen berrien abiapuntua gure enpresa-hitzarmenetan ditugun baldintzak errespetatu behar ditu, eta soldata-hobekuntza nabarmenak ekarri behar ditu (guk kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %43 gutxiago kobratzen dugu), eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartu behar ditu (20 minutuko atsedenaldi ordaindua, ratioak, plusak -antzinatasun, igande, jai-egun, gaueko...- dezente hobetu, bikoizketak kendu).

Guzti honengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten diogu, lehenbailehen errealitate anker honi aurre egin diezaion, eta justizia eta errespetuagatik, emakumeen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzten arrakala guztiekin bukatzea eskatzen diogu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.