2019-03-27 14:56
Martxoaren 25an FETICO eta UGT sindikatuek sinatu zuten akordioaren arabera, DIA supermerkatuetan 1.604 langile kaleratzeko atea irekita dago. ELAren aburuz kaleratze kopuru puztua dakarren enplegu-erregulazio espedientea (EEE) aurkeztu ondoren, prozesuan zertxobait leundu eta gero adostasunera iritsi bi sindikatu hauek eta zuzendaritza. Hau oso larria da DIAko langileen oraina eta etorkizunari begira. Berehalakoan, 1.604 langilek enplegua galduko dutelako. Etorkizunerako, akordio honekin ontzat ematen direlako enpresak jendea kaleratzeko emandako argudioak, eta horrek ireki egiten du atea aurrerago ere behargin gehiago kaleratzeko.

Prozesu guztian zehar ELAk enpresari eta FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei kargu hartu die, Negoziazio-Mahaian parte hartzea ukatu baitigute; areago, ez digute espedientearen inguruko datu bat ere eman. Ez dugu azalpen-txostena ezagutu, ez eta zergatiak, denda eta lurraldeka izan zezakeen eragina ere... ez digute informaziorik eman. Negoziazio-mahai guztiak ordezkaritza gehieneko eta Euskadi mailan nagusi garen aldetik ditugun eskubideak urratu ditu. Uko egin diote ere ELAk, CIGek, LABek eta OSTAk mahaian ordezkatuta egoteko egin zuten proposamen bateratuari.

Beraz, litekeena da EEE hau GUZTIZ BALIOGABEA, EZDEUSA izatea. Gaur kontsulta aldiaren berri prentsaren bidez izan dugu. Inork ez die sindikatuari, ez eta Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresa-batzordeei jakinarazi zer sinatu duen, eta sinatutakoak nori eragiten dion, edota zergatik. Hau nahikoa da Estatu mailan espedientea deuseztatzeko. Laster sartuko dugu demanda Auzitegi Nazionalean prozesu antidemokratiko eta legez kanpoko hau salatzeko.

Nolanahi ere, langileen borroka txalotzekoa da. Beste sektore feminizatu eta prekarioetan bezala, honetan ere emakumeak beren enpleguen eta lan baldintzen alde ari dira borrokan; azkenean, duintasunaren alde. Enpresak alde batera utzi behar du emakume hauenganako jarrera; langile eta borrokalari gisa eredu direnei ezin die orain arte bezala ezikusiarena egin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.