2018-02-23 13:50

Muñozen esanetan, sindikalgintzak eraso egin behar du, eta, horretarako, bitarteko guztiak, ekonomikoak barne, horren zerbitzura jarriko dituela gaineratu du. “Greba eta erresistentzia-kutxa funtsezkoak dira sindikalismoak prekarietateari taxuz aurre egingo badio”, baieztatu du.

Muñozek gogor salatu du egungo kontratazio politika, bai esparru publikoan zein pribatuan ere. “Kontratuak miseria hutsa dira”, baieztatu du ELAko idazkari nagusiak. Egoera honi aurre egiteko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka aurkeztu duen Legegintzako Herri Ekimenarekin bat egingo du. Azaldu duenez, Diru-sarrerak bermatzeko Errenta kobratzen duten pertsonen %21k kontratua dauka, alegia, enplegua izanda ere, DBE kobratzeko baldintzak betetzen ditu “miserian oinarritutako kontratuak” dituelako. Egoera honek bestelako irakurketa ere merezi duela gaineratu du. Luzatu dituen datuen arabera, DBE kobratzen dutenen %57 emakumeak dira, eta, %25 pentsiodunak.

Azken horren harira, pentsio duinen alde Bibon izandako manifestazioarekin pozik agertu da Muñoz. “Gauzak argi esan behar dira: patronala eta gobernuaren helburua soldatak gero eta gehiago jaistea bada, ezinezkoa da kalitatezko pentsio sistema publikoa bermatzea”, baieztatu du. Txiki Muñozen esanetan, euskal agintariak gezurretan ari dira, “dirua egon, badagoelako”.

Ildo horretan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak sozietateen gaineko zerga jaisteko Madrilen egin berri duen proposamena salatu du. Muñozek argi erantzun dio: neurri horren ondorioz, 200 milioi euro gutxiago bilduko dira, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara bideratzen denaren erdia, hain zuzen ere.

Bestetik, soldata arrakalaren inguruan hitz egiteko Jaurlaritzak deitutako bilerara joan ez izanaz ere hitz egin du. “Jaurlaritzaren proposamenean ez zen baten ere aipatzen prekarietatea hitza, ezta lan erreformek soldata arrakalan izan duten eragina ere”.

Gizalan federazioko idazkari nagusi Igor Eizagirrek hitza hartu eta mezu argia helarazi du: Gurea berreskuratzeko garaia da, zerbitzu publikoak, lan baldintza duinak, hitzarmenak... funtsean, lapurtu dizkiguten eskubide kolektiboak berreskuratzeko unea.

Ildo horretatik, murrizketen ondorioak jarri ditu mahai gainean:

  • Milaka lanpostu suntsitu dira. 23.000 tik gora Euskal Herriko zerbitzu publikoetan.

  • Gutxienez 90.000 langile ditugu azpikontrataturik oinarrizko zerbitzu publikoak aurrera eramaten.

  • 10 langiletik ia 4 behin-behinekotasun egoeran daude.

  • Soldatetan, bataz beste % 15eko eros-ahalmena galduta, langileko 35.000 eurotik gorako galera metatua. Hau da, eros ahalmenean ezarritako murrizketekin euskal administrazioek 4.500 milloitik gora kendu dizkigute Hego Euskal Herriko langile publikoei.

Egoera ekonomikoa aldatu denaren mezua behin eta berriz jasotzen bada ere, Eizagirrek azpimarratu nahi izan du pratikan hartzen diren erabaki politikoek (defizit mugak, gastu arauak...) egoera betikotzera dutela helburu; hau da, ezarritako murrizketak mantendu, zerbitzu publikoak deskapitalizatu, langile publikoen lanpostuak murriztu...

Guzti horren aurrean, ELAko zerbitzu publikoetako federazioaren idazkari nagusiak sindikatuaren papera berretsi du. “Ezinbestekoa da gure esparruetan ditugun prekarietate espazioak edo eremuak azaleratzea”. Horiek horrela, erronka nagusiak ere azaleratu ditu:

  • Suntsitu den enplegu publiko duina eta kalitatezkoa berreskuratu.

  • 35 orduak defendatu: lan jardunak handitzeak ondorio oso larriak edukiko lituzke milaka lanpostu suntsituko lirateke eta lan kargak handitu ere.

  • Azpikontrataturiko langileen lanpostuak bermatu eta lan baldintzak hobetu: subrogazioa bermatzea ezinbeztekoa da.

  • Soldatetan 1.200 euroko gutxieneko soldata eta eros ahalmena berreskuratu.

  • Borroka antolatu behar dugu

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.