2021-11-24 12:16
Bilboko Euskalduna Jauregian bildu diren ELAko delegatuek gehiengo nabarmenez onartu dute Batzorde Eragileak aurkeztu duen kudeaketa txostena. Bihar bigarren eta azken saioa egingo da. Bertan, besteak beste, Mitxel Lakuntza buru duen ELAko Batzorde Eragilea bozkatuko da. Funtsezko langileen omenaldiarekin amaitu da ELAren XV. Kongresuaren lehen jardunaldia.

Bizitzari eusten dioten langileak

Kongresuko lehen jardunaldia omenaldi berezi batekin amaitu da: funtsezko langileak omendu dituzte. Horretarako, bi balkoi irudikatu dituzte eszenatoki gainean, eta pandemia garaiko txalo horiei erreferentzia eginez, erresidentzietako, osasungintzako, saltokietako eta garbikuntzako langileak txalo artean hartu dituzte, denen ordezkari gisa. “Izan ere, benetan garrantzitsuak diren gauzak, langile hauei esker gertatzen dira”, adierazi dute omenaldian. “Pandemian mundua etenaldian jarri genuela dirudi, baina gure bizitzek aurrera egin zuten bizitzarentzat beharrezkoak diren langile hauei esker. Ezinbestekoak dira bizitzak zaintzen dituztelako. Eta beraiek ere zaindu behar ditugu eta horregatik, merezitako omenaldia egin die Kongresuak”.

Azaroak 25: Batzorde eragilea eta ponentzia

Bihar, azaroaren 25ean, bi mugarri nagusi izango ditu Kongresuak. Alde batetik, datozen lau urteotako lan ildoak ezarriko dituen ponentzia eztabaidatuko da, eta, ondoren, bozkatu. Era berean, Batzorde Eragilea ere hautatuko da, Mitxel Lakuntza buru duena. Gainera, orain arteko Batzorde Eragilearekin konparatuta, beste hiru kide berri izango dira zerrendetan: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988) eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Hori dela eta, Kongresuko babesa jasoz gero, aurrerantzean parekidea izango da Batzorde Eragilea, honako kideekin: Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi albokoa. Nazioartea), Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak), Xabi Anza Olarra (Prestakuntza. Iparraldea), Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak), Iván Giménez Gil (Komunikazioa), Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Mikel Noval Fernandez (Gizarte Politikak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena), Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza), Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa).

 

Hona hemen biharko eguneko programazioa:

9:00 Omenaldi berezia azaroaren 25aren harira, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

10:50 Lan eta pentsio erreformen inguruko ebazpena

11:00 Gonbidatuen hitzartzeak (hala nola, Garbiñe Aranburu LAB eta Paulo Carril CIG) 

11:30 Batzorde Eragile berriaren bozketa

12:30 Bozen emaitzak eta taldearen eratzea (komunikabide grafikoak agertokira jaistea gomendatzen dugu)

12:35 Mitxel Lakuntza hitzaldia

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.