2020-09-08 16:58
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek greba deitu dute irailaren 15erako EAEko hezkuntza arloko azpikontratetan (garbiketa, eskola-jantokiak eta eskola-garraioa), bat egin dute irakaskuntza osorako deialdiarekin. Halaber, ostegunean, irailaren 10ean, arratsaldeko 18: 00etan, eta ostiralean, 11: 00etan, Arriaga Antzokian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Sindikatu horiek segurtasun-neurriak planifikatzea eta garatzea eskatzen dute lana bermeekin egin ahal izateko, eta, aldi berean, Hezkuntza Sailari eskatzen diote eraginpeko kolektibo guztiekin negoziatzeko eser dadila, segurtasun baldintzetan irakastea bermatzeko irtenbiderik onena bilatze aldera, lanpostu guztiak eta horiek betetzen dituztenen osasuna babeste aldera.

Deialdia egin duten sindikatuek salatu dutenez, azken hilabeteetan bilerak eskatu dizkiete Hezkuntza Sailari eta azpikontratatutako enpresei, ikasleen eta langileen segurtasuna bermatuko duten kontingentzia-planak negoziatzeko.

Abuztuaren amaieran, Hezkuntzako sailburuak iragarri zuen aurrekontu-partida gehigarri bat bideratu zela garbiketa-zerbitzurako, egungo egoerari erantzuteko. Hala ere, kontratatu diren errefortzu apurrak neurri epelak dira ehunka ikasle hartzen dituzten ikastetxeak desinfektatzeko. Gainera, gaixotasunagatiko bajak bete gabe daude oraindik.

Eskola-jantokiei eta eskola-garraioari dagokienez, gaur egun, aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin, ez dute negoziatzen eta ez dute azaltzen nola antolatuko diren zerbitzuak. Argi dago baliabide gehiago behar direla, langile gehiago kontratatu behar direla eta ratioak jaitsi behar direla zerbitzu segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Gauzak horrela, sindikatuek salatu dute gaur egun ez enpresek ez Hezkuntza Sailak ez dutela horri buruzko informaziorik ematen, eta, beraz, milaka langilek ez dakitela zein baldintzatan eta zein neurrirekin hasiko diren lanean, hasten badute behintzat.

Hezkuntza-arloko azpikontratetako greba-deialdi honek (garbiketa, eskola-jantokiak eta eskola-garraioa) lan horiek irakaskuntza presentzialean duten garrantzia ikusarazi nahi du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.