2018-11-05 18:34
Mahai Sektorialean berriro adierazi du txanda-osagarria murrizteko borondatea, eta Onkologikoan urtero 25 milioi euro inbertituko dituela iragarri du, Kutxaren eskuetan- jarraituko duen arren. Gainera, garapen profesionalerako osagarriak ere murriztuta jarraituko du, eta emergentzietako kolektiboaren eskariei entzungor egiten ari da.

Osakidetzako Mahai Sektorialaren bilera izan da berriz ere; ostera ere ezer ez da negoziatu: Mahai honek ez du edukirik. ELAren iritziz, Administrazioak negoziatzerakoan izan behar duen fede ona ez du adierazten, benetako negoziazioa beste eremu batzutan egiten baita, sindikatu hau baztertuta, horrela hauteskunde sindikaletan lortu duen ordezkaritza zilegia gutxietsiz.

Gaurko bilera ikusirik esan dezakegu Osakidetzak gure osasun sistema publikoa eraisteko lanean jarraitzen duela. Osasungintza publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatze aldera urratsak egin ordez, diru publikoa bideratzen du proiektu pribatuak finantzatzera eta zerbitzu pribatuak eremu publikoan txertatzera. Horixe bera egingo du Onkologikoarekin: zentroak Kutxaren esku jarraituko du, baina Osakidetzak diru publikotik urtean 25 milioi euro (edo behar izanez gero gehiago) bideratuko ditu zerbitzuak, ekipamendua eta azpiegiturak finantzatzeko. 

Hau gutxi ez balitz, aldi baterako kontratazio zerrendak Onkologikoaren esku jarriko ditu; Donostiako Ospitalaren eta Onkologikoaren artean profesionalen joan-etorria egiteko aukera emango du, eta Osakidetzako plantillan egiturazko lanpostuak ere sortzea posible egingo du, zerbitzuak zentro pribatu batean emateko. Kudeaketa klinikoa bera ere Onkologikoaren esku izango da; hots, Osakidetzaren bitarteko guztiak osasun-zentro pribatu baten esanetara jarriko dituzte.

Osasuneko sailburuordeak gaur aitortu du mahaian Onkologikoaren beharra duela Osakidetzak. Hau da, osasungintza publikoa jendartearen osasun-arreta taxuz emateko gauza ez dela onartzen dute; baita horri aurre egiteko bitartekoak jartzeari uko egiten zaiola aitortu ere. Zoritxarrez, osasun sistema publikoa eraitsi ahala, gero eta gehiago beharko du zerbitzu pribatuen laguntza.

Bestalde, Osakidetzak murrizketak aplikatzen jarraitzen du. Gaur berriz adierazi du ez duela ordainduko garapen profesionalerako osagarria, horretara derrigortzen duen epaia mahai gainean izanda ere. Aipatutako osagarri hori eta atzerapenak ez ditu ordaintzen, ez sindikatu honek irabazi zuen epaia zegokien pertsonei, ezta deialdirik izan ez delako kaltedun izan den kolektiboari ere.

Gainera, gaur are gehiago okertu du egoera; izan ere, duela hamar urtetik gora Lan Baldintzak Arautzeko Akordioan jasota zegoen osagarria ere murriztu nahi du, alegia, txanda-osagarria. Osakidetzak Instrukzio bidez negoziazio kolektiboaren emaitza izan zen Akordio Arautzailea aldatu nahi du; honek ere txanden erregimenari buruz jurisprudentziak ezarritakoa urratzen du.

Azkenik, Emergentzien zerbitzua ere egoera larrian dago, desegiten ari baitira. Langile batzordea urtarriletik hona mobilizatzen ari da kolektibo honen baldintzak hobetzeko. Bada, Osakidetzak ez du aintzat hartzen langileen eskaririk. Gaurko mahaira negoziatzeko proposamen zirriborro bat eraman du, baina bertan ez ditu jaso Emergentzietako lanpostuen balorazioa eta beste eskari batzuk.

ELAk Osakidetzari eskatzen dio neurriak har ditzala langile-kolektiboaren eskubideak bermatzeko eta zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoa emateko. ELAk bere esku dauzkan bitarteko sindikal zein juridikoak baliatuko ditu xede hori lortzeko. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.