2018-06-25 18:55
Orain dela gutxi judizio bat irabazi diogu Osakidetzari, eta 2011n plazaratu zituen lanbide-garapenaren deialdi batzuk (aldebakarrez bertan behera utzi zituenak) epaiaren aginduz ebatzi, eta dagozkien soldata-osagarriak ordaindu beharko ditu, atzerakinak barne.

Epaian aitortu denez, Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren.
Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere plantillan, batetik, lanbide garapenera sartzea eta hori kobratzeko aukera izan dutenak; eta, bestetik, merezimendu berdinak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, behin eta berriz salatu duguna, eta beste behin, berehala amaitutzat jotzeko eskatzen duguna.


Horregatik, plantillari zor zaizkion diru-kopuruak, etendako deialdiagatik, eta 2012tik egin ez direnengatik, 250 milioi eurotik gorakoak dira. Honen aurrean, honako hau aldarrikatzen dugu:


1.- Epaiaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, eta baita deialdi-ezagatik kalteturik gertatu diren gainerako langileei ere, hortaz, gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitzarekin amaitzeko. Eta ordainketa horiek egin behar zaizkie, langile guzti horiei, atzerakinekin. Ez dugu murrizketarik onartuko.
2.- Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostearren. Hasieratik agertu genuen gure desadostasuna oraingo ereduarekin, eta ordezko aukerak proposatu genituen.

Zoritxarrez, guretzako oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek ez dira oinarrizkoak UGT, CCOO eta SATSErentzat. Ekainaren 11an batzar batera deitu gintuzten eta ikusi genuen ez daudela langile guztientzat atzerakinak eskatzeko prest, ezta benetan objektiboa eta justua den eredu berri bat aldarrikatzeko prest ere.


Gure adostasun bakarra mobilizatzeko beharra da. Hori dela eta, kontzentrazioak batzea erabaki dugu langileen parte hartzea errazteko asmoz. Horregatik, eta gurea erreibindikatzek xedez, ekainaren 26an, 12:00etan Gurutzetako Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean eta Donostia Ospitalean deituta dauden kontzentrazioetan parte hartzera deitzen zaitugu.



 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.