2018-04-09 16:42

 

Ordutik hona bilerak elkarren jarraian egin dira, eta aitzinamenduak lortu badira ere, ez dira aski izan. Beraz, lanaldi eta soldaten arloan hobekuntzarik eskaini ezean, mobilizazioak abiaraziko dira.

Gaurko elkarretaratzea lehena izan da Agoizko lantegian negoziazioak blokeatu direnetik, Batzordearen eta plantillaren ustez enpresak bere jarrera ia aldatu ez duelako, negoziazioa urtarrilaren 25ean berriro hasi denetik. Egun hartako aktan enpresaren eta sindikatuen arteko konpromiso bat jaso zen: Batzordeak bertan behera utziko zuen greba-deialdia, hitzarmen blindatu eta indarraldi mugagabe baten negoziazioa hasteko. Langileen ordezkariek diotenez haiei zegokiena bete dute, greba-deialdiaren deuseztatzea erregistratu baitzuten, baina enpresak ez du berea bete. “Enpresak ostiral gaueko, larunbat eta igandeetako lana erregulatu nahi du, hori baita interesatzen zaiona; baina ez du ia deus eskaini lanaldi, soldata edo hobekuntza sozialetan” salatu dute sindikatuek. Alde horretatik, Batzordearen iritziz enpresak badu tarte nahikorik, eta bidenabar oroitu dute Agoizko lanaldia —1752 ordukoa, Estatuko Kimika Hitzarmenarena— luzeenetarikoa dela, eta sektoreko bertze enpresa batzuetakoa baino luzeagoa dela.

Horregatik Enpresa Batzordeak informazio-batzarrak egin zituen apirilaren 5ean, eta plantillaren sostenguaz mobilizazio-sail bati ekinen dio, enpresari negoziazio-jarrera aldatzeko eskatzeko, eta soldata eta lanaldi-arloko ganorazko eskaintza bat egiteko eskatzeko.

Heldu den asteazkenean, hilak 11, eta ostiralean, hilak 13, elkarretaratze gehiago eginen dira, negoziazioan aitzin egin ezean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.