2020-07-02 13:21
Gamesa Agoitzeko langileak gogor borrokatuko gara enpresaren erabakia baliogabetzeko. Siemens-Gamesak Agoitzen duen lantokia ixteko erabakia deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Ez da galerak dituen enpresa bat, baizik eta diru asko irabazten duena eta are gehiago irabazi nahi duena gure etorkizuna eta gure familiena axola gabe.

2021eko irailera arte lan-karga bermatuta geneukan lantoki bat gara, eta gure lantegia ixteko arrazoiak aitzakia hutsak dira. Gure lantokiak 10 urte baino ez ditu, eta oso lantoki lehiakorra da. Produktibitate- eta kalitate-maila handiak ditu, eta, gainera, pala-eredu handiagoak egiteko eta egokitzeko gaitasuna dugu. Ixteko benetako arrazoi bakarra eskualde oso baten etorkizuna sakrifikatzea axola ez zaion multinazionalaren eskrupulu falta eta zekenkeria da, enpresa honek lehenago Nafarroan Altsasuko, Tuterako, Imarkoaineko edo Olaztiko lantegia itxi zuenean erakutsi duen jokamolde bat.

Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuenean hainbeste txalotu zuten administrazioen inplikazioa ezinbestekoa izango da Agoizko lantokia irekita mantentzeko. Diru publiko asko jaso duen enpresa da, eta orain Nafarroako erakundeek beren erantzukizuna onartu behar dute. Ez dugu hitz politik eta elkartasun faltsurik nahi gure agintarien eta gure erakundeen aldetik. Egitateak nahi ditugu eta benetako konpromisoak nahi ditugu.

Hori guztia dela eta, langileok erabaki dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula lanpostu guztiei eutsiko zaiela bermatzeko, eta hori lortzeko, besteak beste, honako ekintza hauek egingo ditugu (datozen egunetan mobilizazio gehiago zehaztuko ditugu, eta jendaurrean jarriko ditugu):

  • Greba-egunak kontsultaldiaren zehar.

  • Manifestazioa Iruñean, uztailaren 11n, larunbata, 18: 00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

  • Nafarroako ordezkari politikoekin eta erakundeekin bilera sorta bat eskatzea. Besteak beste, bilerak eskatuko ditugu Nafarroako Gobernuko presidentearekin, Parlamentuko presidentearekin, Herriaren Defendatzailearekin eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin.

Azkenik, Nafarroako gizarte osoari dei egin nahi diogu gure mobilizazioetan parte hartzeko. Ziur gaude Gamesa Agoitz ez ixtea lortuko dugula.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.