2020-01-08 16:29
Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak EAE eta Nafarroan deitutako greba orokorraren atarian, gero eta gehiago dira atxikimendu eta elkartasun mezuak. Azkena, CIG, Galizako Sindikatu Arteko Konfederazioak, ELAri bidali dion gutunean jasotakoa. Bertan, greba orokorrari erabateko babesa adierazi diote, deialdia egiteko arrazoiekin eta aldarrikapenekin bat egiten dutela baieztatuz. “Gizarteak argi utzi du PSOek eta PPk martxan jarritako azken lan, negoziazio kolektibo eta pentsioen erreformek eragin duten prekaritateari, langabeziari eta ezberdintasun sozialari aurre egiteko garaia dela, eta horri erantzuteko bidea da greba orokorra”, dio agiriak. 'Lana, pentsioak eta bizitza duinak' lelopean deitutako greba orokorra urtarrilaren bederatzian erregistratuko da.

Pentsio, lan eta eskubide sozialei dagoenekin aldarrikapen taulan biltzen diren aldarrikapenak babesteaz batera, Lan Harremanen eta Babes Sozialerako marko propioaren beharrarekin ere bat egiten dutela argi utzi du CIGak ELAri igorritako gutunean. “Benetako aldaketa soziala lortzeko eta herriaren eskubide indibidual zein kolektiboak errespetatuko direla bermatzeko ezinbestekoa da subiranotasuna”.

Gogoratu grebak hiru ardatz nagusi izango dituela: pentsioen sistema duina defendatzea; prekaritateari aurre egitea; eta galdutako eskubide sozialak berreskuratzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.