2019-12-20 12:53
Euskal Herriko langile ugarik beren lan-baldintza eta lanpostuen aldeko borrokan murgilduta emango diote amaiera urteari. Haientzat guztientzat, eta une honetan beren lan- eta gizarte-eskubideen alde borrokan ari diren langile guztientzat, akordio on eta laster baterako gure desiorik onenak. Harrotasunez jakingo dute hitzarmen eta akordio onak ez direla zerutik erortzen, eta Olentzerok ere ez dituela ekartzen. Borroka delako bidea.

Urtarrilaren 10era arte, Gipuzkoako egoitzetako langileek beste hilabete bateko greba egingo dute: Gipuzkoako egoitzetako gatazka une oro korapilatzen ari da. ELAk joan den astean egindako azken greba-deialdiaren ondoren, eta greba-aldi berri honen amaieran, langileek 180 greba-egun baino gehiago izango dituzte. Bitartean Aldundiak, hau da, gatazkaren giltza duenak, mahaian ez esertzea erabaki du. Orain hilabete batzuk ELAk sektoreko patronal nagusiekin lortutako akordioari bide emateko modua bilatu nahi du.

Aitzitik, Aldundiak makineria guztia jarri du emakume langileen kontra, eta horrek agerian uzten du "gure kontakizuna pisua irabazten doala pixkanaka. Iritzi publikoaren bataila irabazten ari gara".

ELAk eskandalutzat jo ditu greba ikusezin egiten saiatzeko ezarritako gutxieneko zerbitzuak, hauek gehiegizkotzat joz. "Gipuzkoan langile gehiago daude greban lanean, Bizkaian edo Araban baino, grebarik gabe".

Langileak nekatuta daude, baina borrokatzeko gogoz, eta Gabonetan euren borrokaren sozializazioarekin jarraituko dute, Santa Lutxin, Santo Tomasen, abenduaren 24an: Olentzero, eta abenduaren 31n. Langileen kolektiboarentzat greban dauden bigarren Gabonak dira hauek.

Abenduaren 24, 26 eta 27an, greba Bizkaiko Etxeko Laguntza Zerbitzuan: ELAk, LABek eta UGTk beste hiru greba egun deitu dituzte Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan abenduaren 24, 26 eta 27an, hitzarmenaren defentsan. Emakumezko langileek hitzarmenik gabe daramate 2012tik, lan-baldintzak pixkanaka okertzen ari dira, ordu-kopurua jaisten ari da eta zerbitzuaren kalitateak atzera egin du.

Mobilizazioak ehungintzako merkataritzan abenduaren 24an eta 31n, itxiera ordutegiak direla eta: ELAk mobilizazioak deitu ditu ehungintzaren sektorean abenduaren 24an eta 31n, dendak arratsaldeko seietan itxi daitezen exijitzeko; gaur egun, berriz, iluntzeko zortziak eta erdietan da itxiera. ELAk lana eta familia uztartzea posible egingo duen eta kontsumismoan oinarritu ordez bizitzan oinarrituko den jendarte eredua aldarrikatzen du.

Greba Sephora-n, Nafarroakoa: ELAk greba deialdia egin du abenduko ostiral eta larunbatetan eta urtarrileko lehen asteburuan, lan hitzarmenaren defentsan.

Abenduak 26 eta 27, eta urtarrilak 2 eta 3, greba Ibaizabal-Nervion mankomunitateko zabor bilketa zerbitzuko langileen hitzarmena dela eta: Enviser ingurumen-zerbitzuetako langileak, Etxebarri, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Zeberio, Orozko, Urduña eta Arakaldo udalerrietan hondakinak biltzeaz arduratzen direnak, greban egongo dira abenduaren 26an eta 27an, eta urtarrilaren 2an eta 3an, beren lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmen baten aldeko borrokan.

Abenduaren 26an, Bizkaiko epaitegietako garbiketako langileen performancea: Abenduaren 26an, goizeko 12etan, Bizkaiko epaitegietako garbiketako langileek performance bat egingo dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. Langile horiek 80ko hamarkadara salto egingo dute, kolektiboaren lan baldintzek, hobetu beharrean, okerrera egin dutela salatzeko.

Greba gehiago

Era berean, greba mugagabean jarraitzen dute Novaltiako langileek, hitzarmenaren defentsan, eta Batz-Aralucekoek, euren lanpostuen eta enpresaren bideragarritasunaren defentsan.

Getxo Aquariumeko langileek ere greban jarraitzen dute euren lanpostuen defentsan, urtarrilaren 31tik aurrera enpresa itxiko dutela jakin ostean. ELAk udalari eskatzen dio inplika dadila eta neurriak har ditzala plantillaren egoera konpontzeko.

Carretillas 2000 enpresako (metalaren sektoreko enpresa da, mantentze-lanetan diharduena eta Avanzada Errepidea Asuan dago, Erandion (Bizkaia) langileek ere greba mugagabean jarraitzen dute hilaren 14tik. Langileek protesta egin dute hitzarmen kolektiboaren negoziazioak jasaten duen blokeoagatik.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.