2020-03-17 14:58
EAEko administrazio publikoko sindikatuek funtsezko zerbitzu presentzialak (derrigor lantokian egon beharrekoak) zehaztuz dekretu edo agindu bat premiaz ematea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, kontuan hartuta gaur egun eskura dauzkagun baliabideekin Administrazioko langile guztiek etxetik lan egin dezaketela (ezinbesteko zerbitzu presentzialak izan ezik). Dekretu edo ebazpen horretan, Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoetako langile guztiak sartuta behar dute, azpikontratatuak barne.

Irakurri agiria;

Herritarrentzako zerbitzu publikoarekiko konpromisotik, eta zerbitzu publikoen prestazioa bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzan (Administrazio Orokorra) eta bere erakunde autonomoetan ordezkaritza dugun sindikatu guztiek, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Interinok Taldeak, honako hau adierazi nahi dugu aho batez:

Gure erantzukizun-eremua Eusko Jaurlaritzari (Administrazio Orokorrean) eta haren erakunde autonomoei dagokiena da. Gure egitekoa da arduradun politikoei eskatzea neurriak har ditzaten gure eremuko langileen osasuna bermatzeko. Garbiketako, mantentze-lanetako, segurtasuneko eta abarreko langileena eta gure zerbitzuetara jotzen duten herritarrena barne … eta langileak gaixotu egin garelako funtsezko administrazio-zerbitzuak bertan behera gera ez daitezen bermatzea!

Jaurlaritzaren ekimenik ezak, eta irizpide teknikoak Funtzio Publikoaren arduradun diren pertsonen interes politikoen azpitik jartzeak, arriskuan jartzen du langileon, gure familien eta, oro har, herritarron osasuna.

Horregatik, honako hau exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

Funtsezko zerbitzu presentzialak (derrigor lantokian egon beharrekoak) zehaztuz dekretu edo agindu bat premiaz ematea, kontuan hartuta gaur egun eskura dauzkagun baliabideekin Administrazioko langile guztiek etxetik lan egin dezaketela (ezinbesteko zerbitzu presentzialak izan ezik).

Dekretu edo ebazpen horretan, Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoetako langile guztiak sartuta behar dute, azpikontratatuak barne.

Krisia Kudeatzeko Mahai Iraunkorra premiaz eratzea, sindikatuek, prebentzio-delegatuek, Prebentzio Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuz bertan.
Segurtasun eta Osasun Batzordea izan liteke mahai hori.

Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomoetan ordezkaritza dugun sindikatu guztion aho bateko eskakizun hori 24 orduko epean beteko ez balitz, sindikatu sinatzaileok mobilizazioak proposatuko genituzke gure osasunaren eta gure familien eta hurbilekoen osasunaren alde.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.