2019-02-18 16:26
EAEko Goi Fiskaltzak bukatu du 2018ko ekainaren hasitako ikerketa; hau hasi zen ELAk salaketa aurkeztean, EPEan gertatzen ari zena oso larria baitzen. Bada, egindako diligentzien arabera delitu zantzuak daude, sekretu ezagutarazte delituak, eta horretan oinarrituta eginbideak Auzitegira igorri ditu, egitateak ikertu eta dagozkion erantzukizun penalak erabaki daitezen.

Bere idatzian Fiskaltzak esaten du EPE honetan izandako irregulartasunetan giltzarria Osakidetzako Zuzendaritza izan dela. Argi esaten du EHAAri eskatu arren espezialitate medikuetako azterketak egin zitzan, “azkenean benetan eta izatez azterketa nortzuk prestatuko zuten Osakidetzako Zuzendaritzak erabakitzen zuen; honek pertsona zerrenda bat eman zien, espezialitateko bana. Izen horiek eman zituztenak izan ziren Giza-Baliabidetako Zuzendaria eta Zuzendariordea eta Osasun-Arretako Zuzendaria”.

Gainera, Fiskaltzak esaten duenez, EHAAk ez zekien jasotako zerrenda horretako pertsonek, zeintzuk azterketak prestatzen zituzten, gero epai-mahaiko kide ere izango zirela kasu batzutan. Fiskaltzak dioenez “ezagutza hori bazuen kide horiek izendatzen zituenak, jakinik ez zutela soilik lehen azterketa prestatuko, baizik eta ondoren hau ebaluatu zutela eta bigarrenean ere parte hartuko zutela”. Idatziak honakoa eransten du: “profesional jakin bat izendatzeko erabakia arbitrarietatea saihesteko kontrol nahikorik gabe egiten zen”, eta “izendapenean ez dago irizpide objektiboen berririk”.

Halaber, Fiskaltzaren arabera Osakidetzak epai-mahai kalifikatzaileen erabakian esku hartu du eta ez du modu homogeneoan jokatu: kasu batzutan erabaki zuen EHAAk prestatuko zituela bi azterketak eta beste batzutan, bigarrena epai-mahaiaren esku utzi zuen.

Behin agerian geratu zenean gertatutakoa zen larria zen, Fiskaltzak esaten duenez Osakidetzako Zuzendaritzak berriz ere jokabide partziala izan zuen: Esaterako, Angiologiako Epai-Mahaiko ia kide guztiek aipatu zuten azterketa errepikatuz gero kideetako batek ezin zuela jarraitu, filtrazioa egin zuelako susmopean zegoelako, baina Giza-Baliabidetako Zuzendariak erabaki zuen jarraitzea, jakinagatik ere hura zela bi azterketak prestatu zituena. Deigarria da ere Angiologia eta Kirurgia Baskularreko azterketen inguruko informazio-aurretxostena hasi zenean honen arduradun izendatu zutela Giza-Baliabideetako Zuzendariordea, alegia, azterketa nork prestatuko zuen erabaki zuenetako bat.

Gainera, Fiskaltzak esaten du hiru zerbitzu-buru izan zirela ustez filtrazioak egin zituztenak Anestesiologia eta Erreanimazioan, Angiologia eta Kirurgia Baskularrean, eta Digestio-Aparatuan.

Fiskaltzaren eginbideek berretsi egin dute ELAk sarri salatu izan duena: EPE honetan gertatutakoa ez da fenomeno bakana, baizik eta sistema ustel baten beste adibide bat, eta honen ardura hainbat zerbitzuburuk dute, Osakidetzako Zuzendaritzaren erabateko babesarekin. Hauek erabakitzen dute nork egingo duen lan, behin EPEa gainditu eta gero, beren zerbitzuetan, hala aldi baterako zein mugagabeko kontratuz. Horrek esan nahi du alde batera uzten direla enplegu publikoan aintzat hartu beharreko printzipioak, hautatzeko sistema ustelak azkenean zerbitzuari kalte egiten diolarik.

Honek guztiak derrigor Darpon sailburua kargutik kentzea eragin behar du, gertatutakoaren arduradun nagusi den aldetik. Ezin da onartu auzi hau modu okerrean ixtea eta inork erantzukizunik ez hartzea bere gain, aktore nagusi nahiz konplize gisa. Gogoratu beharra dago sailburuak gure salaketa “zalantza lotsagarri”tzat jo zuela, eta esan zuen opositoreen kexu hutsak zirela; gure jokabideak erakundeari erasaten omen zion.

Behingoz amaitu egin behar du sendagile espezialistak hautatzeko dagoen sistema ustel hau: aldi baterako kontratuak egiterakoan eta EPEetan; honen oinarrian dago aldi baterako enplegu maila izugarria, Osakidetzan %38 inguruan dagoena. Horrelako jarrerek Osakidetzako hainbat langileen izen ona orbantzen dute.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.