2018-10-11 10:06
Azkena Brasil izan da. Baina ez da ezer gertatzen. PPk eta Ciudadanosek esaten dute Vox beren erraietako atal bat dela. Aznarrek azaldu duen moduan, berak utzi zuen ondarean denak bat eginda zeuden, eta orain, aldiz, hirutan banatu dira. Okerrena da klase politikoaren zati handienak ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen duela.

Faxismoaren gorakada analizatzerakoan ahaztu egiten da kapitalismoaren eragina. Haatik, hori analisi propio traketsa da: Faxismoaren hazkundea lotuta dago pobrezia eragiten duten politikekin; jendearen pobreziak eta etsipenak faxismoari atea irekitzen diote. Grezian troikak mozketa agenda lazgarria inposatu zuen, herritarrek erreferendumean kontrakoa egiteko eskatu zuten arren. Bost axola zitzaien jendea gosez hiltzea, herritarren borondatea errespetatuko zutela esan zuten politikarien izen ona edota Urrezko Egunsentia izeneko ultren hazkundea.

Kapitalismoak behar izan duenean faxismoaren laguntza baliatu izan du. Kontua da zenbaterainoko autoritarismoa behar duen bere helburuak lortzeko. Esaterako, orain erabat behar du. Badaki eskuin muturrak politika guztia eskuinera arrastaka eramaten duela, baita ezkerra ere, noraezean eta akonplexatuta dabilenean. Zeintzuk dira Nazioarteko Diru Funtsak asteon bertan adierazi dituen kezkak? Brexita, merkataritza gerra, hazkundea… Hitz bat ere ez eskuin muturraren gorakadaz, klima aldaketak eragiten duen hondamendiaz edota faxisten jarrera misoginoaz. Bolsonarok Brasilen lehenengo itzulian irabazi duelarik, hedabideek esaten dute `merkatuek´ txalotu egin dutela bere garaipena eta pribatizazioen alde agertu duen jarrera.

EBk Grezia makurrarazi egin zuen, eta orain defizit mugarako emandako aginduak direla eta lehian ari da, norekin eta italiar gobernu neofaxistarekin. Ezkerra ez da horrelakorik egiteko gauza izan, ez du asmatu jendartearen kohesioa mantentzen, eta lekuko hori eskuin muturrak hartu du bere proiektua indartzeko. Ezin da onartu EB honi egiten zaion kritikarik gogorrena Europa mailan eskuin muturretik etortzea, zeinak antolatu eta koordinatuta jokatzen duen.

Faxisten gorakadaren beste perbertsioa da tokian tokiko autoritarismoak, kasu batzutan oso gogorrak, ez direla hain nabarmen geratzen. Orban, Trump, Salvini, Bolsonaro, Le Pen eta antzeko pertsonajeen ondoan bildotsak dirudite. Lagun katalan batek laburbildu zidan eskuineko alderdi peto peto batekin izan zuen bileran beren estrategia nola defendatzen zuten: “hautesleei eskaintzen diegu jende normalak exijitzen duen segurtasuna”. Bolsonarok, Salvinik, Trumpek… hauek ere segurtasuna saltzen dute. “Bolsonarok -dio ezkerreko kazetari brasildar batek- biztanlerian ordena eta autoritatea gorpuzten ditu, atzerakada ekonomiko eta morala nagusi den testuinguruan. Bolsonarok hautesle pobre eta amorratu horiek liluratu ditu”. Pobrezia kroniko bihurtzeak faxismoa hauspotzen du. Pobreziak, baita faxismoak arerioak pobreen artean topatzeko duen trebeziak ere; horien etsaiak sekula ez dira izango boterea eta kapitalaren jabe direnak.

Mexikoko barne ministro berriak duela aste batzuk esan zuen: “Segurtasun eza sortzen duten zergati ekonomiko, politiko eta sozialak aintzat hartu arte ez dugu egoera hobetuko, kantoi bakoitzean polizia jarrita ere. Milaka haur dago goitik behera armatuta krimen antolatuaren zerbitzura lanean, mehatxupean edota egoera ekonomiko jasanezinean bizi delako”. 2006tik hona Mexikon 200.000 pertsona hil dituzte bortizki, eta 35.000 desagertu egin dira. Joan den astean lagun sindikalista galiziar batek kontatu zidan bere iloba hil zutela Mexikon. Bere alabak Galizara itzuli behar izan du, biloba hartuta. Sikario bat erosteko prezioa 3.000 dolarretik 300era jaitsi omen da. Hiltzaile profesionalen artean 15 urteko umeak daude. Basakeria hutsa.

“Ez dago besterik”, esaten digu behin eta berriz tokiko autoritarismoak, pilotorik gabe dabilen munduak lilura gaitzan. Eskaintzen duten segurtasuna kontzientziak eta jendarteak lokartzeko amarru bat besterik ez da. Ondorio bat garrantzi handikoa da: ezkerrik ez dago politika ekonomiko eta sozialean alternatibarik proposatu ezean, kapitalismoaren alternatibarik gabe eta faxismoaren eztanda geldiaraziko duen Europarako proiekturik gabe.

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.