2019-12-12 15:30
ELAk Haurreskoletan dituen arduradunek agerraldia egin dute zerbitzu honen egoera aztertzeko. Eta kezkatuta agertu dira; azken urteetan matrikulazio kopurua beherantz doa, plazen %30a baino gehiago hutsik geratu direlarik. ELAren ustez kuotak oso altuak dira familia askorentzat, eta egoera iraultzeko neurriak proposatu ditu. Izan ere, Haurreskolak unibertsalak eta doakoak izan beharko lirateke; horretarako, noski, egun bideratzen ez diren baliabideak bideratu beharko lirateke.

Hau da Haurreskolen Partzuergoaren inguruan ELAk egiten duen balorazioa, eta egoera iraultzeko proposatzen diren neurriak.

ELAtik Haurreskola Partzuergoaren egungo azterketa egin eta etorkizunera begira jarri nahi izan dugu. Horretarako, txosten baten bitartez matrikulazio beherakadaren arrazoietan sakondu eta honi aurre egiteko hartu diren neurriak aztertu ditugu, baita hauek praktikan izan duten eragina ere. Matrikulazio beherakadaren ondorioez ere hausnartu dugu, enpleguarekiko eraginaz besteak beste. Horretaz gain, gure proposamen zehatzak ere jaso ditugu dokumentuan.

Honakoak dira atera ditugun ondorio eta aurkeztutako proposamenak:

  • Partzuergo zein Eusko Jaurlaritza 0-2 etapan garatzen ari diren politikak erren gelditzen dira matrikulazio gorakada lortzeko.
  • Ez errenten araberako kuota sistemarekin, ez eta 2019 hasieran indarrean jarritako doakotasun neurri eta hobariekin ere, ez da lortu matrikulazioaren gorakadarik.
  • Prezioak altuak eta desorekatuak izaten jarraitzen dute. Erabiltzaileen hiru laurdenak kuotarik altuena ordaintzen jarraitzen dute eta Kontuan izan behar dugu, familia hauentzat ere ordaindu beharreko kopuruak handiak direla. Doakotasun neurriek eurengan ez dute inolako eraginik (erabiltzaileen 3/4engan). Ondorioz, neurriek desoreka nabarmen bat suposatzen dute kuota altuenak ordaintzen dituzten familiekiko.
  • Irabazi gutxien dituzten familien artean ere ez da matrikulazio kopurua handitu.
  • Kuota sistema ezarri aurretik, beka sistema indarrean zegoenean (2014-15 ikasturtera arte) familien %8 edo %10 inguruk jasotzen zuten bekaren bat. Kuota sistema ezarri zenetik, hobariren bat jasotzen duten familien kopurua %10 eta % 15 tartean kokatzen da, hau da, gora egin du baina hau hala izanda ere, hobari hauek ezartzeak ez du matrikularen gorakadarik ekarri irabazi horiek dituzten familien artean.
  • Kuota sistemak dituen beste zenbait gabezia:
  1. Familiek, askotan irabazi gutxien dauzkatenek (atzerritar, paperik gabeak, errefuxiatuak, lanik ez dutenek...), izandako irabaziak frogatzerakoan, arazoak dituzte euren egoera justifikatzeko orduan, izan ere Ogasunak ez baititu hauen datuak edo eskuratzeko zailtasunak izaten baitituzte. Ondorioz, euren egoera frogatu ezinez, kuota tarte handiena egokitzen zaie eta beraz, matrikula bertan behera geratzen da. Gainera, errenta estandarizatuaren dekretuaren arabera, 2 zerga urte atzerako datuak eskatzen zaizkie erabiltzaileei eta honek are eta gehiago zailtzen die egoera arestian aipatutako familiei.
  2. Haurra haurreskolan sartzen denetik ateratzen den arte, kuota tartea finkoa mantentzen da. Honek, suposatzen du denbora tarte horretan, kuota tartea errebisatzeko aukerarik ez izatea nahiz eta euren zerga datuak aldatu.

Ondorio orokorrez gain, egoera honek enpleguan izan duen inpaktua edo eragina ere aztertu eta ondorio zein proposamenak barnebildu ditugu:

Lanpostu suntsiketari dagokionez, 2012-2014 urteen artean langileen plantilaren % 8ko beherakada bat eman zen eta 2019-2020 ikasturtean 2014ean baina 52 kontratazio gutxiago egin dira.

Bestalde, behin-behinekotasun datuak ere beldurgarriak dira. EAEko datuak aztertzen baditugu, egin diren 1.182 kontratazio horietatik, 704 behin Betikoak dira (%59,56) , 325 LEP artekoak (%27,50) eta 153 ordezkapen kontratuak dira (%12,94).

Hezitzaileen egoera honi, Kudeaketa Langileen egoera larria gehitu behar zaio. Izan ere, kasu honetan, langileen %100ek Behin Behinekoak izaten jarraitzen dute.

Beraz, azterketa honek, argazki oso kezkagarri eta onartezinera garamatza, non plantila osoaren %40 baino gehiagok behin-behineko kontratua duen.

Ratioak aztertzen baditugu, ratio irizpide egoki eta bateratuen faltarekin topatzen gara.

Gainera, haurreskola txikietan batez ere, lehenengo eta azken orduetan, hezitzaileei bakarrik egotea tokatzen zaie.

Horrez gain, zenbait kasutan, haurreskoletan dagoen haur kopuruaren arabera, hezitzaileak desplazatuak izaten dira haurreskola batetik bestera.

Haurreskola bakoitzeko lanpostu egonkorrak finkatu eta antolatzea helburu duen Lanpostu Zerrenda ez dator bat ikasturterako egonkortzat eman daitezkeen lanpostu errealekin.

ELAren ustez haurreskola guztiei hezitzaile-ratio irizpide egoki eta bateratuak finkatu eta aplikatu behar zaizkie honela lanpostuak mantendu edo handitzeko aukera ahalbideratuz.

Bestalde, ratioen irizpidea gainditzen den momentuan, bigarren hezitzailea jartzea eskatzen dugu, ezinbestekoa delarik langilea bakarrik dagoen momentu horietan sortutako arrisku egoerak saihesteko protokolo bat ezartzea.

Mugikortasunak dakarren ziurgabetasun egoerarekin ere amaitu beharra dago, eta beraz, desplazamenduak egin behar badira, aurreikuspen nahikoaz jakinarazi behar zaizkie langileei, ordezkoei ere.

Azkenik, ELA-tik beti aldarrikatu dugun bezala, ezinbesteko ikusten dugu behin-behinekotasun tasa %6ra jaistea ahalbidetu eta egun lanean daudenen lanpostu kontsolidazioa bermatuko duen LEP prozesua, baita langileen lanpostuak eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko benetako enplegu politika ere.

ONDORIOAK:

Azken urteetan izandako matrikulazio datuek argi azaltzen dute, matrikulazioaren kopurua beherantz joan dela eta ez dela lortu garai batean zeuden matrikula kopuruetara itzultzea.

Matrikulazioaren jaitsiera hau gainera hiru lurraldeetan eta kurtso hasieran zein bukaeran mantentzen da eta erabiltzaileen beherakada honek, haurreskoletako plazen % 30a baino gehiago hutsik geratzea dakar.

Jaiotze tasak beherakadan eraginik badu ere, datuak konparatzen baditugu proportzioan, matrikulazioan izandako jaitsiera jaiotzetan izandakoa baino altuagoa dela argi ikusi da.

Bestalde, matrikulazio tendentzia aldatu nahian azken urtetan Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak proposatutako neurriek ( errenten araberako kuotak, doakotasun neurriek...) matrikularen igoerarik ekarri ez dutela ere ikusi dugu. Gainera, erabiltzaileen % 75 inguruk kuota altuegiak ordaintzen jarraitzen dute oraindik ere.

Egungo egoerak eta matrikulazioaren beherakadak ondorio kezkagarriak izan ditu enpleguan eta lan baldintzetan.

ELA-tik 2014. urtean aurkeztutako proposamena berresten dugu, hau da, Haurreskolak Unibertsalak eta doakoak izan behar direla eta horretarako behar diren neurri eta bitartekoak bideratu behar direla.

ELAren ustez, posible eta guztiz gauzagarria da 0-2 adin tarteko hezkuntzaren etorkizuna zein lanpostuak ziurtatzea borondate politikorik badago eta haurreskoletara behar adina inbertsio bideratu ezkero. Beraz, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu inbertsio publikoa handitu eta modu honetan haurreskolen eta bertako langileen etorkizuna bermatu ditzan. Aldi berean, Haurreskolak Partzuergoari ere deia egiten diogu bide honetan jorratu dezan bere lana.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.