2020-06-16 15:11
Ezkerraldeko hainbat eragile sozial eta sindikatuk prekarietatearen, pobreziaren eta murrizketa sozialen aurkako "Ezkerraldea martxan" mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Larunbat honetan, ekainaren 20an, aterako da 12:00etan Sestaoko Kasko plazatik, eskualdeko herri nagusiak zeharkatzeko.

Martxaren antolatzaileek ondorengo komunikatua partekatu dute:

 

Urtero lez, ezkerraldeko eragile sozial eta sindikalek prekarietatearen zein murrizketa sozialen aurkako martxa antolatu dugu.

Aurtengo egoera ordea berezia da. Eskualdean jada pairatzen genuen egoera sozio-ekonomikoa (milaka pertsonen kaleratzeak, komertzio txikien ixteak, enpresa nagusien ERTEak..) are larriagoa bihurtu duen pandemia baten erdian gaude.

Baina behin eta berriz errepikatuko dugu ez duela COVID19ak sortu krisia, arazoa edo erantzulea kapitalismoa dela. COVID19ak agerian utzi du gutxiengo baten etekinetan oinarritzen den sistemak ez duela gainontzeko gehiengoarentzat balio.

Kezka handiz bizi dugu osasun krisiaren testuinguruaren aitzakiapean, elite ekonomiko eta politikoek gure bizitzen prekarizazioan sakontzeko erabiliko duten eraso berri hau.

Borroka eta mobilizazioak dira, krisi hau langile klaseak ordain ez dezan aukera bakarra; eta kapitala izatea beronek sortu duen krisiaren kostu ekonomikoa bere gain hartzen dituena.

Hau guztiagatik, Karta Sozialak eginiko mobilizatzeko deialdiaren testuinguruan, orain kalera aterako gara! Ezkerraldea martxan dago! Hurrengo ekainaren 20ean, Sestaoko Kasko plazatik aterako gara eguerdiko 12:00etan ondorengoak aldarrikatzera:

  • Zerbitzu publikoen garapena
  • Kolektibo prekarizatuenen babesa
  • Oinarrizko eskubideak bermatuko dituen neurri zehatzak
  • Pentsio publiko duinen bermea, gutxieneko 1.080€koak
  • Zaintza lanen aitorpena
  • Indarkeria matxista borrokatzea
  • Lanpostuen babes eta bermea
  • Telelanaren eredurako beharrezkoak diren baliabideen kostuak ez ditzala langileak bere gain hartu behar.
  • Hezkuntzaren elitizazioa gelditu eta ikasleen beharretan oinarritzen den hezkuntza sistema bat garatu
  • Krisiaren ondorioak langileok ez ditzagun ordaindu
  • Bizitzako arlo guztietan burujabetza eskuratzea: faxismoa eta autoritarismoa gelditu eraldaketa sozial bat abiatzeko.

Sistemaren krisian kapitalari bizitza gailendu behar zaio. Gure erabakien jabe izan eta hemen erabaki nahi dugu. Eredu sozio-produktibo berri bat eraikitzeko errotiko norabide aldaketa bat exijitzen dugu. Krisiaren aurrean borrokatzeko batasuna!

Ez gara gutxiagorekin konformatuko. Lehentasuna bizitza delako.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.