2019-10-23 13:08
Joan den urriaren 9an, Turkiak operazio militar bat abiatu zuen Rojava, Siriako Kurdistana, inbaditzeko. Aitzakia, gaur egun Turkian dauden milioika errefuxiatu ezartzeko "gune seguru" bat sortzeko izan da. Estatu Islamikoaren porrotean rol erabakigarria izan duten mugako milizia kurduekin amaitzea bilatzen duten erasoek, pertsona zauritu, hildako eta desplazatu asko utzi dituzte.

Kurdistan estaturik gabeko munduko naziorik handiena da. 40 milioi kurdu inguru egon daitezkeela uste da, lau herrialdetan banatuta (Turkia, Iran, Irak eta Siria). Ekialde Hurbilean dagoen gutxiengo honi, ez lau estatu hauek ezta nazioarteak, ez diete beren eskubideak aitortzen. Herri kurduaren nortasun etniko, kultural eta linguistikoa zapalduak dira.


Erdoganen gobernuak gerra eta bere okupazio planak Siriako ipar-ekialdean gauzatzen dituen bitartean, nazioarteak, NBEko organismoak barne, ez dute hori saihesteko neurri egokirik hartu. Europar Batasunak ez du arma enbargoa aplikatu. Horrek Turkiako gobernuari Europan egindako arma salmenta geldiaraztea ekarriko luke. Turkiak mugen kontrolean Europako bazkide gisa duen egoera pribilegiatua dela eta ez da enbargoaren neurri hau hartu. Beste aldetik, Errusia eta Estatu Batuak bezalako potentzia hegemonikoek Turkiaren erasoa bultzatu dute.


Trumpek eta Erdoganek iragarritako (baina egon ez diren) "su-etenaren" 5 egunak amaituta, badirudi Turkia eta bere aliatuak gerrarako eta gerrako krimen berrietarako prestatzen ari direla. Gauzak honela, okupazio hau eta plan genozida hauek amaitzeko gure konpromisoa eta presioa berresteko garaia da.
ELAk bat egiten du Women Defend Rojava kanpainaren eskaerekin, eta gobernu guztiei, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari eta nazioarteko erakunde garrantzitsu guztiei eskatzen diegu neurri eraginkorrak eta berehalakoak har ditzatela:


• Siriako iparraldean eta ekialdean aire-esklusio eremu bat ezartzea, biztanleak babesteko lehen urrats urgente gisa.
• Siriako iparraldean eta ekialdean Turkiaren inbasioa eta okupazioa gelditzea.
• Turkiako armadak, ISISek, El Nusrak eta beste talde terrorista jihadistek egindako gerra-krimenak eta garbiketa etnikoa saihestea.

Informazio gehiago: www.womendefendrojava.net

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.