2018-07-05 07:47
CCOOk, UGTk eta patronalak sinatu duten AENC akordioak negoziazio eredu ezdeus eta burokratikoari jarraipena ematen dio. Langileek ez dute parte hartu, eta mobilizazio oro baztertu egin da. Sindikalismoak gatazkari uko egiten badio, ikusirik patronalari erreformek eman dioten boterea, patronalak nahiago duen eremuan jokatu behar du. Horregatik akordioan gomendio hutsak jaso dira, patronala ezertara derrigortzen ez dutenak.

AKORDIOA, PSOE-RENTZAT ARINGARRI. Oposizioan zegoela, PSOEk azken lan erreformak eta PPren pentsioen murrizketa zuzendu beharra aldarrikatzen zuen. Baina gobernua bereganatuta, aldatu egin du posizioa. Orain asmoa da “ukituak” egitea, baldin eta sindikatuak eta patronala ados jartzen badira. Baten batek uste al du patronalak erreformekin irabazi duenari uko egingo diola? Horregatik esaten dugu akordioak PSOEren gaineko presioa arintzen duela, patronalari beto eskubidea ematen diolako. Patronalak eta sindikatuek gobernuari helaraziko dizkioten edukiei erreparatuz gero, erreformetako gairik arantzatsuenetan gauza zeharo indargabetuta agertzen da (enpresa hitzarmenaren lehentasuna sektorekoaren gainetik, ultraaktibitatea, hitzarmenak aldebakarreko erabakiz ez aplikatzeko aukera…).

Espainiar sindikalismoaren hutsegite larrienetakoa izan da “kideko” alderdien sirena kantuekin liluratzea; ageriko ondorio bat ez du atera: aro neoliberal honetan sozialdemokrazia hauteskundeetarako amarru bat besterik ez da. PSOEri presioa gogor eragin behar zaio, besteak beste, PSOE ondo ezagutzen dugulako: Sozialistek erreformatu zuten Konstituzioko 135. artikulua, doikuntza eta murrizketa politikari bide eman ziona. Sanchezek zehaztu du Egonkortasun Ituna eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea beteko dituela... Eta Europak Estatuari galdegiten dio aintzat har dezala defizita murrizteko helburua, eta ez ditzala erreformak atzera bota. Europa lasaitzeko Sanchezek Ekonomia ministro Nadia Calviño izendatu du, orain arte EB ko aurrekontuen arduraduna zena; noski, izendapen hau enpresa handiek eta bankuek pozarren hartu dute.

Gero eta ideologia gutxiago duen ezker honek ez bezala, eskuinak boterea lortu zuenean zer egin zuen? Ez zuen astirik galdu eta egin zituen murrizketa eta erreforma lazgarriak egiteko ez zuen aurrebaldintza gisa jarri sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa. Erreformak ezarri, eta kitto! Esanguratsua da euskal patronalaren jarrera; zinismo handiz poztu egin da “aldaketak eragile sozialen babesarekin egiteko bidera itzultzeaz”. PP rengandik nahi zuen guztia lortu eta gero... AENCarekin PSOEk, CCOOk eta UGTk ontzat ematen dute erreformak bere hortan geratzea, patronalak nahi ez badu. Oposizioan zein gobernuan dagoenean, ezker honek antzera jokatzen du.

GOMENDIO HUTSAK. Sinatu berri den akordioak gomendioak ematen ditu; baina horiek hitzarmenetan sinatu ezean, ez dute ezertarako balio. Gomendio gisa aztertuta ere, egiaztatzen da oso urriak direla. Batzuk oso lausoak direlako eta besteak, esateko moduagatik eta aipatzen diren helburuengatik, funtsean, patronalaren neurrira eginda daudelako (lehiakortasuna, absentismoa…). Azter dezagun atalez atal.

Batetik, soldata igoera goitik mugatzen da, baina behetik ez da gutxienekorik aipatzen (“%2 inguruan” ez da gutxieneko kopuru bat). Nabarmendu behar da akordioa hiru urterako dela eta inflazioaren bilakaera ahaztu egiten duela (orain %2,1 ean dago, eta areago gehitzea espero da). Esaterako, kontrapuntu gisa, ELAk hainbat azpikontratatan sinatu dituen akordioekin %8, %20, %25 eta are %40ko igoerak lortu dira; noski, AENCren moduko gomendiorik ez da aintzat hartu, eta eskerrak! Eremu batzutan KPIaren erreferentzia hartuz gero kolektibo horiek ez lirateke sekula miseriatik aterako. Kontutan izan behar da halako hamaika kolektibo dagoela.

AENCaren gomendioa da gutxieneko soldata 1.000 eurokoa izatea. Haatik, gutxieneko soldata hori oso injustua litzateke Hego Euskal Herrirako. Izan ere, esaterako, etxebizitzaren batez besteko errenta EAEn 952 € dira, eta Extremadura edo Gaztelan, aldiz, 500 €. %100eko aldea, alegia. Erreferentzia baterakoiek euskal langileak eta Estatuko beste asko pobretzen dituzte. Zer esango dugu, bestalde, soldata arrakalaz? Gurean 7.000 euroan dago. %2ko igoerarekin genero diskriminazioa amaiarazteko asmotan ote dabiltza? Horregatik ere lan harremanen euskal esparrua galdegiten dugu: negoziazio kolektiboa berton garatu eta lan baldintzak duintzeko.

ULTRAAKTIBITATEA. Puntu honetan ere ez dago erreformekiko aurrerapausorik. Confebaskek esan duen legez, testua ”oso sotila da”. Akordioak dio, alde batetik, “bat gatoz lan hitzarmenen negoziazio aldietan haiek indarrean egon behar dutela”, baina bestetik, “alde bakoitzak erabaki dezake negoziazioa agortuta dagoela eta, horrenbestez, derrigorrezko bitartekaritza edo borondatezko arbitrajea eska daiteke”. A zer pagotxa! Testua ez da bateragarri negoziazioak dirauen bitartean hitzarmenak izan behar duen mugagabeko iraupenarekin. Eta bitxia da negoziazioaren blokeotik irteteko bitartekaritza eta arbitrajea aipatzea, baina ez greba. Hori ez da kasualitatea.

PROPAGANDARIK EZ. “Langileen soldatak %2 haziko dira, eta igoera %3ra ere irits daiteke”. Halaxe laburbildu zuen akordioa hedabide publiko bateko aurkezleak. Baina hori ez da egia. Eskertzekoa litzateke informazio zuzena ematea. Bestalde, sindikalismoak etorkizunik izango badu ezin du alderdi politiko gehienek irentsi dituzten estereotipoak ontzat eman; izan ere, politikan gehienak sinetsita daude gauzak kontatzen diren modukoak direla, eta ez diren modukoak; bost axola errealitateak. Ezker sindikal, sozial eta politikoari ez zaio barkatzen itxurakerietan ibiltzea; guregandik espero da errealitate injustu hau eraldatzea, ez bertan goxo egitea.

ELAren iritziz AENC ahulezia sindikalaren isla da, baita sindikalismoan inertziak deuseztatzeko borondate ezarena ere. Sinatu dutenek ordeneko erakunde izan nahi dute, patronalak gobernuen laguntzaz ezarri duten desordena orokorra delarik. Ez da harritzekoa patronalak honelako akordioak sinatzea, bake soziala bilatzen baitu. Ez da harritzekoa Gobernuak txalotzea, presio sindikala arintzen baitio. Baina horrelako itunek hedatu dute prekaritatea, krisi aurretik eta krisi betean. Horregatik esaten dugu “gomendio” horiek ELArentzat ez direla inolako erreferentzia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.