2019-01-30 12:56
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat sarrarazi du. Legebiltzarrean joan den urteko otsailaren 23an erregistratu genuen, eta abenduan jaso genuen behin betiko oniritzia. 51.000 sinadurak babestu dute ekinbidea. Otsailaren 7an Legebiltzarrean bozkatuko da hau. ELAk uste du ikuspuntu demokratikotik ez litzatekeela onargarria izango Eskubide Sozialen Kartaren HEL tramitatzeko aukera arbuiatzea.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak gaineratu du “tramitera onartu ez eta Jaurlaritzak HEL paretik kendu nahi badu bere lege-proposamena sartzeko, ez genuke bere jokoan sartu beharko. Talde progresistek hartu beharko zuten erabaki bat EAJ eta PSE-Eeren legezko proposamena guztiz arbuiatzea, horren negoziazioari uko egiten”.

Muñoarekin batera, Mikel Noval eta Janire Landaluze, arlo sozialeko arduraduna eta ikerketa bulegoko kideak parte hartu dute agerraldian.

ELA eta Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun beste organizazio sindikal eta sozialok aspaldiko urteetan salatu ditugu murrizketak, eta horien aurka mobilizatu gara. Gogoratu beharrekoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren aren zenbatekoa, 2008ko legearen arabera, 2019an 903 eurokoa izan beharko litzatekeela (hamabi pagatan, hots, Lanbide arteko Gutxiengo Soldataren %88), eta 1.050 eurokoa pentsiodunentzat (Lanbide arteko Gutxiengo Soldataren%100).

Eusko Legebiltzarrera eraman dugun Herri Ekimen Legegileak ezartzen du DSBEaren zenbatekoa Lanbide arteko Gutxiengo Soldataren %100 izan behar dela (beraz, kolektiboen artean ez dela desberdintasunik egin behar), hau da, 1.050 euro hamabi pagatan.

Irakurri txostena

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.