2019-02-06 16:53
ELAren iritziz, irregulartasun larriak eta kontrolik eza poltsa horren ezaugarriak izan dira sortu zenetik; baina Zuzendaritzaren azken erabakia ezin larriagoa da, zeren Zuzendaritzak Udaltzaingoaren EPE bateratua gainditu ez duten hautagaiei deitu baitie udaltzain moduan lan egitera. ELAk eskatu die EAEko udalei horrelako konponketa txarretan parte ez hartzeko, eta udal-mailako hautaketa-prozesuak abiarazteko

Poltsa horren sorreratik beretik egin diren irregulartasun larrien zerrendan Zuzendaritzaren azken erabaki hori beste bat gehiago izan da:

Poltsa 2016. urtean sortu zen, eta harez gero hautaketa-prozesu bakar bat burutu da. Beraz, aspalditik ez dago pertsonal nahikorik, dauden beharrizanak betetzeko.

Gero, hautaketa-prozesu gehiago ez egitea erabaki zuten, eta poltsa osatzeko, Ertzaintzaren EPEan eta Udaltzaingoaren EPE bateratuan plazarik gabe, baina EPEa gainditua, geratu ziren hautagaiei deitu zieten.

Betekizunak betetzen zituen pertsonalik gabe geratu zirenean, orduan euskararen HE gabeko hautagaiak udaletara bidaltzen hasi ziren, nahiz eta postu horietarako HE beharrezkoa izan.

Eta azken puntua zera izan da: EPE bateratuaren hautaketa-prozesu osoa gainditu ez dutenei ere deitzea.

Gertaera horien larritasuna ikusita, ELAk bere zerbitzu juridikoen ardurapean utzi du gai astun hori, eraginpeko langileek abiarazi ditzaketen auzibideak aztertzeko, eta baita erabaki horren erantzuleen legezkontrakotasunak aztertzeko ere.

Bestalde, ELAk premiazko deia egiten die EAEko udal guztiei, irregulartasun larri horietan parte ez hartzeko, EPE eta poltsa bateratu hori —inori on egiten ez diona, ez langileei, ez zerbitzu publikoari, ez helburu omen den polizia-ereduari— alde batera utzi eta erakunde bakoitzak, zeinek bere esparruan, bere EPEak eta lan-poltsak lehenbailehen abiarazteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.