2018-04-18 16:17

 

Gaurko bileran Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak ez dio hezkuntza publikoko egoera larriari ez eta langileen aldarrikapenei ere erantzuten. Horrela:

  • EPEra 500 lanpostu gehiago ateratzeko proposamena egin du baina estatu mailan sinatutako akordioa indarrean sartzera baldintzatuta. Beraz, ziurra ez den neurri bat izateaz gain, kontuan izanik 9.800 behin behineko daudela (% 38ko behin-behinekotasuna), Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa % 28an utziko luke legealdiaren amaieran, sindikatuok aldarrikatutako % 6tik erabat urrun eta urte luzeetan behin-behinekotasunean lan egitera kondenatuak izan diren langileei lanpostua kontsolidatzeko aukerarik bermatu gabe.

  • Plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Gaurkoan ere, egoera honi oso modu mugatuan erantzuten dion proposamena ekarri du Hezkuntza Sailak. Aurrez planteatutako neurri eskasei (tutoretza bikoitza soilik Lehen Hezkuntzan eta ratio maximoa zein berariazko hezkuntza-laguntzako 5 ikasle gutxienez dituzten geletan; Eta Lanbide Heziketan 80 lanpostu berri legealdi osorako) soilik Haur Hezkuntzako 3 urteko geletarako proposamena ekarri du: irakasle erdi eta irakasle ta erdi bitarte gehiago esleitzea talde kopuruaren arabera eta beti ere 20 ikasletik gorako batezbesteko ratioa baldin badago.

Honela, 2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera ia bere horretan mantenduko litzateke, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

  • Ordezkapenetan nahikoa ez den proposamen bat ekarri du. Ordezkapenak lehenengo egunetik egitea HH eta LHan zein etapa guztietan aurreikusitakoak diren edo aste bete baino luzeagoak diren kasuetan soilik. DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan 3. egunetik aurrera egingo lirateke, eta gainera Lanbide Heziketan ikastetxeko zuzendaritzak komenigarria jotzen badu bakarrik.

  • Irakasleek %15eko eroste ahalmenaren galera izan dute, honek 32.000 eta 41.100 € bitarteko galera metatua suposatzen du kidegoaren arabera. Eros ahalmen hori berreskuratzeko inolako planteamendurik ez da jasotzen proposamenean.

  • Sindikatuen aldarrikapen den erretirorako pizgarriak berreskuratzeari buruz ere, ez da inolako aurreikuspenik jasotzen.

  • Bajak zigortzeari dagokionez, ez dago bermea duen inolako proposamenik.

ELArentzat onartezina da azken mahaitik bi hilabete eta erdi beranduago, 7 greba egun ondoren eta sindikatuok aurreikusita geneukan asteko greba aurreko astean deitutako mahai batean, gure aldarrikapenetatik hain urrun dagoen proposamen bat ekartzea. Jarrera honek argi erakusten du mahai hau astebeteko greba aurretik deitu izanak gure aldarrikapenei erantzun gabe edo oso partzialki erantzunda mobilizazioa neutralizatzeko estrategia bati soilik erantzuten diola, eta ez Jaurlaritzaren negoziaziorako benetako borondate bati.

Sindikatuok argi utzi genuen apirilak 23ko asterako grebak etengo genituela gaurko bileran Jaurlaritzak gure aldarrikapenei erantzuten zion ikusi arte, eta horrela izan ezean mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez genuela izango.

ELAren ustez, hau horrela izanda, eta garbi egonda Jaurlaritzaren negoziaziorako borondatea aurrean dituen greba eta mobilizazioen araberakoa dela, mobilizazio eta grebak berreskuratzea beste aukerarik ez dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.