2019-02-15 10:16
ELAren ustez indar progresistek ez zuten Eusko Jaurlaritzari oposizioa egiteko borondaterik izan Eusko Legebiltzarrean otsailaren 14ean ospatu zen osoko bilkuran. ELAk uste du indar progresistek ez lituzketela onartu beharko politika neoliberalak eta murrizketak dakartzaten aurrekontu eta legeak. Ezkerrak gobernuak egindako proposamenen alternatibak plazaratu eta arrazoitu behar ditu, esaterako, arlo publikoan negoziazio kolektiboaren defentsa edota soldaten eros-ahalmena berreskuratzea; eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatutako HELari babesa eman beharko lioke. EAJk, PSEk eta PPk betoa ezarri zioten pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako HEL honen tramiteari.

Aurrekontu-neurrien legegaia erretiratu ondoren Eusko Jaurlaritzak haren edukia aldatu gabe hiru lege-proiektu erabaki zituen; gero, zuzenketarik egiteko aukerarik gabe bozketara eraman zituen.

Otsailaren 14an Eusko Legebiltzarrean izan zen bilkuran hiru legegaiak onartu ziren. Elkarrekin Podemosek iragarri zuen administrazioko langileen ordainsariei eta DSBEari buruzko proiektuetan abstenitu egingo zela, eta ondorioz segurua zen onartuko zirela. EH Bilduk erabaki zuen bozketan parte ez hartzea; hau praktikan abstentzioaren parekoa da, eta hiru legegaiak aurrera ateratzea posible egin zuen.

ELAk berriro adierazi duenez, hiru legeak onartuta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-politikari jarraipena ematen zaio:

  • %2,25eko soldata igoera ez da erabaki Eusko Jaurlaritzaren eremuko inongo negoziazio-mahaitan. Beste behin inposizioa erabili dute, eta horrek urratu egiten du administrazioarentzat lan egiten dutenen negoziazio kolektiborako eskubidea. Igoera honekin Sanchezek agindutako edukia kopiatu eta itsatsi egin dute, baina oinarrizko arauak ezartzen duen aukerarik urriena hautatuz. Areago, igoera hori Eusko Jaurlaritzak egin zuen Aurrekontu-Proiektuan jasotakoa baino txikiagoa da, han Itzarrirako ekarpena %1,5ekoa izango zela jaso baitzen (onartu dena baino 0,5 puntu gehiago), bai eta garapen profesionalerako aurrekontu-sailak ere. Gogoratu beharra dago Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten dutenek azken urteetan %13ko eros-ahalmena galdu dutela.
  • DSBEari dagokionez, ELAk salatu du 2012tik hona Eusko Jaurlaritzak 2008ko legea urratu egiten duela behin eta berriz, aurrekontuetan finkatutako zenbatekoak legean ezarritakoak baino askoz apalagoak direlako. 2019ko DSBEaren zenbatekoa 924 eurokoa izan beharko litzateke (1.050 euro, pentsiodunen kasuan). Haatik, atzo bozkatu zenaren arabera, DSBEaren zenbatekoa 2008ko legean ezarritakoa baino %28 txikiagoa da.
  • Hezkuntzari buruz, berriz, aurrekontu proiektuan aurreikusitako diru-saila oso urria zen, horrela Europako azken postuetan kokatuz, gastu publikoak aberastasunean duen pisuari erreparatuz gero. Erabakitako Hezkuntza Kontzertuen igoerarekin -zeina Aurrekontu-proiektuan dagoeneko jasota zegoen- edota Unibertsitate Publikorako erabaki den igoera txikiarekin egoera ez da aldatuko; aitzitik, okerrera egingo du, izan ere, irakaskuntza publikorako baliabideei ez baitzaie aplikatzen aurrekontuetako igoera eskas hori ere.

ELAk uste du indar progresistek ez lituzketela onartu beharko politika neoliberalak eta murrizketak dakartzaten aurrekontu eta legeak. Ezkerrak gobernuak egindako proposamenen alternatibak plazaratu eta arrazoitu behar ditu, esaterako, arlo publikoan negoziazio kolektiboaren defentsa edota soldaten eros-ahalmena berreskuratzea; eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatutako HELari babesa eman beharko lioke. EAJk, PSEk eta PPk betoa ezarri zioten pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako HEL honen tramiteari, haren alde sinadura eman zuten 51.000 lagunei muzin eginez. Ezker politikoa saiatu egin beharko litzateke gizarte-mugimenduekin eta sindikalismoarekin elkar hartzen, baina zoritxarrez ez du nahi izan.

ELAren aburuz ezinbestekoa da gastu-arauarekin hausteko helburuari lehentasuna ematea eta fiskalitatean goitik beherako aldaketa bultzatzea, dauden beharrizan sozialak finantzatzeko aukera izate aldera.

Gure ustez Elkarrekin Podemosen abstentzioa ez dator bat helburu horiekin; gauza bera esan daiteke EH Bilduk bozketan parte ez hartzeko erabakiaz. Oposizioa egiteak borondatea eta eztabaida ideologikoa eskatzen du; bestela, eskuinak irabazten du debate guztietan hegemonia. Bestalde, aipatutako indarren posizioak indarra ematen dio Eusko Jaurlaritzaren asmoari, Legebiltzarrean proposamen politikoaren monopolioa izateari alegia; halaxe gertatu da HELa gutxietsi duenean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.