2023-06-07 08:59
Eusko Legebiltzarrean izan da ELA, eta bertan salatu du Hezkuntza Legeak euskarari kalte egingo diola eta arriskuan jarriko dituela hezkuntzako langileen lanpostuak eta lan baldintzak. Hori dela eta, Legea ez babesteko eskatu die alderdi politikoei. Legebiltzarreko agerraldian adierazi duenez, lege proiektuak egungo hezkuntza sistema iraunaraztea du helburu, azaleko aldaketa batzuk eginez, besterik ez. Ildo beretik, salatu du Eusko Jaurlaritzak ontzat ematen dituela LOMLOEk ezarritako mugak, eta azpimarratu du lege bat muga horien barruan onartzeak ez duela inolako eraginik izango. Horren aurrean, sindikatuak mobilizazioaren eta grebaren alde egin du, hezkuntza publiko orokorra, euskarazko murgiltze eredua, euskal curriculuma eta lan baldintza duinak lortzeko. Horregatik, gaur elkarretaratzea egin du Legebiltzarraren aurrean, eta Harro plataformak ekainaren 9rako deitutako elkarretaratzeetan ere parte hartuko du. Udazkenera begira beste sindikatuekin mobilizazioak egitea aurreikusten du.

Subiranotasunik gabe

ELAk salatu du aurkeztutako lege proiektuak betikotu egingo duela hiru saretan banatutako hezkuntza sistema. “ELAk sare publiko subirano batera salto egiteko trantsizioa behar dela esan du maiz, baina legeak ez du hori bermatuko”, deitoratu du.

Euskara gutxiago

Hizkuntza ereduari dagokionez, Jaurlaritzak eredu eleanitza inposatu nahi duela salatu du, egungo D ereduaren kaltetan eta A eta B ereduak mantenduta. Legeak ez du ahalbidetuko euskalduntzea ahalbidetzen duen inbertsio eredua orokortzea; erdalduntzea, ordea, erabat bermatuko da.

Euskal curriculuma

Legeak ez ditu hezkuntzaren edukiak aipatzen; ondorioz, ez da euskal curriculuma askatasunez garatzeko modurik egongo.

Segregazioa mantenduko da

Aurrekoaren ondorioz, segregazioaren jatorrian dauden egiturazko elementuak ez direla aldatuko, eta Eusko Jaurlaritzak ikasleen onarpenean soilik eragingo du.

Inbertsio falta

Sindikatuak gogorarazi du legeak ez duela aurreikusten baliabideak bideratzea Europarekin dagoen inbertsio aldea gainditzeko. Gauzak horrela, ikastetxeen autonomia behar bezala garatzeko baliabideak faltako dira aurrerantzean ere, deitoratu du.

Behin-behinekotasuna ez da murriztuko

Lan baldintzei dagokienez, gogorarazi du ez dela neurririk aurreikusten sare publikoan orokortutako behin-behinekotasuna murrizteko, egungo plantillak finkatzeko, ezta jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz gertatu den enplegua suntsitzea saihesteko ere.

Horregatik guztiagatik, ELAk dio legearekin egungo hezkuntza sistema dagoen bezala mantenduko dela, eta, orain arte bezala, eredu zentralizatzaile eta merkantilista onartuko dela.

Horregatik, ELAk azpimarratu du Estatuko legedia gainditzea ahalbidetuko duen dinamika sozial, politiko eta legalaren alde egingo duela.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.