2019-06-05 11:10
Azken asteetan Eusko Jaurlaritzak ohiz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu garbitasun sektoreko grebetan: Gipuzkoako komisaria eta auzitegietan edota Elorrioko Udalean egiten ari direnak. Egoera hau salatzeko elkarretaratzea deitu du ELAk Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitarenn aurrean. Bertan izan da Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduraduna. Igeregiren hitzetan Eusko Jaurlaritzaren ustez zerbitzu hauek funtsezkoak dira soilik emakumeek borrokari ekiten diotenean, hala prekaritatearen, nola soldata arrakalaren aurka. “Zerbitzu hauek ezinbestekoak baldin badira zergatik dira prekarioak?.

Igeregik azaldu duenez sektore jakin batzutan gertatzen den feminizazioa nabarmena da, esaterako zaintza edo garbitasun lanetan. Sektoreotako lan baldintzak zeharo prekarioak dira: aldi baterako enplegu tasa onartezinak, ohiko kontratua lanaldi partzialekoa, administrazioek lanaldia murriztu egiten dute lan-kargak arindu gabe...

Gainera, sektore hauetan soldatak askoz txikiagoak dira, alderatuz gero beste sektore batzurekin, non gizonak gehiengo diren eta antzeko lanak egiten dituzten edota maila bereko prestakuntza eskatzen den. Esaterako, Elorrioko Udalarentzat eraikinetan (udaletxea, kiroldegia, ikastetxeak) lan egiten duten emakumeen jornala kale garbitzaileen oinarrizko soldata (nekagarritasun plusa kenduta) baino 8.000 euro urriagoa da.

Halere, emakume hauen lana jendartearentzat oso garrantzitsua da. Zaintza eta garbitasuna ezinbestekoak dira jendarteak behar bezala funtzionatuko badu. Emakumeek beste pertsona batzuk zaintzen dituzte, edota herritarrek beren eguneroko bizimodua egiteko behar dituzten eraikin publikoak garbitu, baina euren lan baldintzak ez datoz bat eginkizun horrek duen garrantzi sozialarekin.

ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak salatu du Euskal administrazioek sexuagatiko diskriminazio egoera hau indartu egin dutela azpikontratazio politikaren bidez, eta “bost axola die zerbitzu horiek halako lan baldintza kaskarrekin eman behar izatea, edota lan-karga medio ezinezko izatea zerbitzua gutxieneko kalitatez ematea. Eusko Jaurlaritza zerbitzu hauen kalitateaz soilik akordatzen da beraietan lanean diharduten emakumeek protesta eta greba egiten dutenean, lan baldintzak hobetzeko eta soldata arrakalari ekiten diotenean; bide batez, Jaurlaritzak amaiarazi nahi omen duen arrakala”.

“XX. mendearen hasieran enpresek sikarioak bidaltzen zituzten grebak leherrarazteko; gaur horixe egiteko Lan Zuzendaritza daukate: neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituzte garbitzaileentzat, zahar-egoitzetako edota etxez etxeko langileentzat. Eusko Jaurlaritzak nahi du emakumeek pairatzen jarrai dezatela diskriminazio egoera hau, eta gainera isilik egon daitezen. Jarrera autoritario honek eragiten du sektoreotako grebak luzatzea; hala izango da lan baldintzetan berdintasuna lortzen dugun arte” azaldu du Igeregik..

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.