2020-12-17 11:26
ELA eta LAB sindikatuek deituta bilkura egin da Lakuan administrazio publikoko langileen kontsolidazioa exijitzeko. Bildutako langileek salatu dutenez, Jaurlaritzaren kontsolidazio proposamena ez da konponbidea. Egoera iraultzeko, hainbat proposamen egin dituzte.

Hau da bilkura egin duten sindikatuetako ordezkariek irakurri duten agiria:

20 URTE ETA GERO HAU? JAURLARITZAREN KONTSOLIDAZIO PROPOSAMENA EZ DA KONPONBIDEA

Xedapen Iragankorrak: adabaki eskasa Jaurlaritzak berak eragindako lan-anabasarentzat

EAEko Administrazio Orokorrean abusu egoeran gauden behin behineko langileok 3.500 baino gehiago gara, langile guztien %56. Hiru, zazpi, hamabost, hogeita hamar... urtez lanean jardun eta gero, oraindik ere lanpostua arriskuan dugunak. Jaurlaritza da aldi baterako abusuzko kontratazioan Europako “txapeldun”, ez diogu guk bakarrik, epaileek ere hala diote!

Egoera honi “konponbidea” emateko Jaurlaritzak orain 15 urte Kidego eta eskala legean txertaturiko Xedapen Iragankorrak proposatzen dizkigu, berriz ere. Behin-behineko langileak %40 baino gehiago diren Kidegoetan, lanean 8 urte baino gehiago egin dituzten “aldi baterako” langileek, lanpostua Txanda Berezitu baten bitartez “kontsolidatzeko” aukera izango lukete, azterketa praktiko baztertzaile bat gaindituz gero.

Baina xedapen iragankorrek langile asko utz ditzakete kalean: Txanda Berezitu horretatik kanpo geratuko lirateke %40 baino gutxiagoko aldi-baterako kontratazio tasa duten kidegoetako, nahiz eta langile horiek 8 urtetik gora lanean eraman, eta bestetik %40 baino gehiagoko tasa dituzten kidegoetan 8 urte baino gutxiago daramatzatenak ere kanpo geratuko lirateke, Europak 3 urte baino gehiagoko behin-behinekotasuna gaitzesten duelarik.

Txanda Berezituan, kidego bakoitzean eskainitako lanpostuen %60 gehienez eskainiko lirateke. Eta txanda librean gainontzekoa, gutxienez gainontzeko %40. Aldi baterako langileok bi txandetan aurkezteko aukera izango dugu, baina txanda irekian, beste administrazioetako eta kanpoko izangaiekin deman, lan eskarmentuan abantaila txiki bat besterik ez genukeela. Gainera txanda irekiko hautatuek lehentasuna izango dute lanpostua aukeratzeko orduan, txanda bereziko hautatuen aurretik. Honek, garbi uzten du kontsolidazio txanda deitzen den hori bigarren mailakotzat hartzen dutela, hain justu, prozesuaren soberakin apurrekin ase gaitezen. Izan ere, benetako aukerak txanda irekian jokatuko dira.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak Europako Zuzentaraua bete gabe jarraituko du, aldi baterako kontratazio tasa oso handiarekin, iruzurrezkoa, Europar Auzitegien arabera. 2.000 langile baino gehiagok, langile guztien %30 inguru, aldi baterakoak izaten jarraituko lukete LEP hauen ondotik ere, Europar Zuzentarauek aldi baterako kontratazio tasak gehienez ere %8koa behar duela agindu arren.

Hori gerta ez dadin ezinbestekoa da, gaur egun aldi baterako beterik dauden lanpostu guztiak azaleratzea Ondoren abusu egoeran dauden langile guztiak kontsolidatzeko bermeak izango dituen ez ohiko LEP deialdi bat premiaz egitea, gerora, behar bezalako lan eskaintza adostu bat egin ahal izan dadin. Zifrek denetarako ematen dute.

Borondate politikoa baino ez da beharrezko

Eusko Jaurlaritzak eragin duen egoera tamalgarri honi erantzutea, Jaurlaritzaren ardura da. Aukerak badaude horretarako. Baita egungo legediari helduta ere, nahi izanez gero (baina gainera, Espainiako Gobernuak EBEP aldatzeko aukera iragarri du). Horretarako:

  • 3 urtez aldi-baterako langileekin beteak izan diren postuak, gutxienez, derrigorrez atera behar dira LEPra.
  • Lege iruzurrean administrazioan lanean egon diren langile guztiek kontsolidazio bermeak izan behar dituzte.

Egoera hau berriro errepika ez dadin, jarraian, bi urtez behin LEP adostuak egin behar dira lan postu huts guztiak ateratzeko, dagokion barne sustapen txandarekin. Eta bi urtez behin, tartekaturik, lekualdatze lehiaketak.

Langileon bultzadaz beharko du

Nahikoa litzateke Jaurlaritzak norabide horretan beharrezko urratsak egitea. Baina ez dute horretarako asmorik gaur gaurkoz. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari exijitu behar diogu eragin duen egoera tamalgarri hau zuzen dezan, langileon onerako, EAEko zerbitzu publikoen onerako bezainbeste. Egingarria da, baina bultza egin beharko dugu norabide horretan. Konponbide oso eta integral baten alde, funtzionario eta lan itunpeko, aldi baterako eta finko, guztiok aintzat hartuko gaituen konponbide baten bitartez. Elkartasunez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.