2020-06-10 13:34
Hezkuntza Sailak sindikatuokin biltzea ekidin nahi izateak kezkatzen ditu ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eta bere esanetan ikasturte hasierarako plangintza aurreikuspen falta bat egon daiteke jarrera honen atzean. Sindikatuok ikasturte hasierako plan orokorrak jarraitu beharreko ildoen proposamen bat erregistratu dute. Hezkuntza Sailari arduraz jokatzeko, plan orokorra lantzeko eta langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko galdegiten diote.

Sindikatuen agiria:

Hezkuntza sailak ikasturte hasiera sindikatuokin negoziatu eta adosteko ezezko jarreraren aurrean, pasa den astean Hezkuntzako bost sindikatuok geuk luzatu genion bilera deialdia gaurko. Hezkuntza Sailak ez digu eskaerari erantzun, ez du beste bilera datarik zehaztu eta ez da gaurko sindikatuok deitutako bilerara agertu. Sindikatuokin ikasturte amaierari lotutako ohiko bilera sektorialak egiteaz haratago, itzulera plan orokorra langileon ordezkariekin partekatu, negoziatu eta adostea ekidin nahi du. Ulergaitza eta onartezina da jarrera hau, bereziki kontuan izanda Hezkuntzako patronalekin jada bildu dela.

Jarrera honek asko kezkatzen gaitu, gauden datetan egonik, itzulera plana negoziatzeko langileon ordezkariokin bildu nahi ez izatea, ikasturte hasierari begirako planifikazio eta aurreikuspen falta berri baten adierazle izan daitekeelako.

Bereziki larria izango litzateke, pandemia egoerak agerian utzi dituen gure hezkuntza sistemak arrastatzen dituen behar estrukturalak aintzat hartu gabe, zein osasun krisiak orohar eta konfinamendu egoerak bereziki, sortu dituen hezkuntza behar gehigarriak, ikasleen arteko arrakala handitzeak, errefortzu beharrak, eta egoera bereziak kontuan izan gabeko ikasturte hasiera bat planteatzea.

Are larriagoa, udazkenean etor daitekeen pandemiaren suspertze baten aurrean pandemiaren lehenengo fase honetatik ondoriorik atera ez bagenu bezala aritzea edota ondorio horien baitako plangintzak eta aurreikuspenak aurrez ez lantzea eta prestatzea.

Horrela, datorren ikasturtera begira aurreikusi daitezkeen eszenatoki desberdinen aurrean ezinbestekoa deritzogu Hezkuntza Sailak gure hezkuntza sistema osorako plangintza eta irizpide orokor batzuk landuta eta aurreikusita izatea. Funtseskoa bestalde, langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostutako plangintza eta irizpideak izatea.

Hau horrela, sindikatuok gaur bertan, ikasturte hasierako plan orokor horrek jarraitu beharko lituzken ildoak jasotzen dituen Hezkuntza sailari zuzendutako dokumentu propositibo bat erregistratu dugu. Bertan, 2020/2021 ikasturte hasierara begira, ohiko ikasturte bat izango deneko ideia alboratu eta eman daitezkeen eszenatoki errealista desberdinen aurrean aurreikuspenak zein plangintza orokorrak eta eszenatoki bakoitzera begirako baliabide, segurtasun neurri zein baldintzak, langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostea galdegiten diogu.

Sindikatuen proposamena

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.