*ELAk dei egiten die langileei herri ekimen legegilearen alde 100.000 sinaduratako langa gainditzeko azken egunak balia ditzatela sinatzeko, baita webgunearen bidez ere.
ELAk eta LABek bilera izan dute Mikel Torres lehendakariordearekin. Bileran lehendakariordeak asteazkenean publiko egin zuen hitzarmenetarako gutxieneko soldata proposamena aurkeztu die EAEko sindikatu nagusiei. Proposamena aztertu ondoren, ELAk eta LABek hurrengoa adierazi diote lehendakariordeari azterketaren kalitate teknikoari buruz:
• Azterketa kanpo enpresa batek egitearen ondorioz, lan munduaren inongo ezagutzarik ez duen ikerlari talde batek egin du ikerketa. Ondorioz, hitzarmen kolektiboen egoerarekiko oinarrizko informazioak gaizki interpretatu dituzte. Esaterako, ikerketak nahasten ditu hitzarmen aplikagarriak (indarrean daudenak baina berritu gabe) eta hitzarmen eguneratuak, eta ez ditu ezberdintzen EAEn sinatutako hitzarmenek jasotzen dituzten soldata igoerak eta estatuko hitzarmenek jasotakoak. Nahasketa horren ondorioz ez da kontuan hartzen EAEn hitzarmen eguneratua daukaten langileei Eusko Jaurlaritzaren proposamenak ez liekeela apenas eragingo. Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera EAEn lanaldi osoan ari diren 66.000 langilek jasotzen dituzte hilean 1.385 euro baino gutxiago, 66.000 langile horietatik EAEko hitzarmen kolektibo eguneratua 10.000 langile baino gutxiagok dute (besteek estatuko hitzarmenak dituzte, aspaldi eguneratu gabeko hitzarmenak edo ez dute hitzarmen kolektibo aplikagarririk), ondorioz Eusko Jaurlaritzaren proposamenak eragin marjinala izango luke EAEko langileriarengan.
• Metodologikoki, gutxieneko soldata proposamenak Europako Gutun Sozialak edo Europako zuzentarauek agindutako soldata-tarte txikiena hartzen du. Jaurlaritzak tarte handiena hartu balu, proposamenak hilean 250 edo 350 euro handiagoa izan beharko luke. Eusko Jaurlaritzaren proposamenak CONFEBASKen beharrei erantzuten die, eta ez EAEn sinatzen diren hitzarmenak hobetzeari, proposamen horrek ez baitu horretarako balio.
• Azterketak ez ditu aintzat hartzen EAEn enpresek azken urteetan izandako mozkinak edo langileek eragiten duten produktibitatea, Europako zuzentarauek agindu bezala, eta egindako azterketak ez du helburu gisa kohesio soziala, ezberdintasun sozialak murriztea edo aberastasunaren banaketa justu bat izatea.
Oinarri oker honek ekarri du Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamenaren eraginaren gainestimazioa, Lan Sailaren proposamenaren eragina erabat marjinala izango litzatekeenean. ELAren eta LABen ustez positiboa da gutxieneko soldata propio baten beharra finkatzea PSE-EEk zuzentzen duen sailaren aldetik, baina egindako proposamenak ez du balio EAEko langile pobreak pobreziatik ateratzeko.
Aurretik egindako ekarpenez gain, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari hurrengoa transmititu diote:
• 2022an Eusko Jaurlaritzak berak egindako azterketaren ondorioz herritarrak ongizatea galtzen hasten dira hilean 1.418 euro baino gutxiagoko dirusarrerak baldin badauzkate. Ordutik hona Jaurlaritzak ez du berriro azterketa hori publiko egin, baina gobernuaren edozein proposamenek gutxieneko ongizatea bermatu behar du.
• Eusko Jaurlaritzak soilik EAEn sinatzen diren hitzarmenetarako erreferentzia landu du. Soldata baxuenak dituzten langileak estatuko hitzarmenak dituzten 188.000 langileak eta inongo hitzarmen aplikagarririk ez duten 48.000 langileak dira, gehienak emakumeak, langile migratuak, gazteak edo aniztasun funtzionala dutenak. ELAren eta LABen iritziz gutxieneko soldatak langile hauei eragin behar die bereziki, bai patronalarekin erdietsitako lanbidearteko akordio baten bidez, bai eskuduntza EAEra ekarrita legez hala ezartzen delako.
ELAk eta LABek lortu dute gutxieneko soldatari buruzko gizarte eztabaida hauspotzea; hala egin zuten CONFEBASK lanbidearteko akordio baten negoziaketara deitu zutenean eta hala ari dira egiten orain gutxieneko soldata EAEn erabakitzea eskatzen duen herri ekimen legegilearekin. Gutxieneko soldataren eztabaida hau irabazteko baldintzak sortzen ari dira eta horretarako garrantzitsua da martxan den sinadura bilketa ondo amaitzea. ELAk eta LABek adierazi dute herri ekimen legegilearen sinadura bilketaren azken egunetan daudela, eta bere helburua bi hilabete eta erdiko lana 100.000 sinaduratik gora jasota bukatzea dela, eta oroitarazi dute sinadura koaderno bidez ekimen hau babesteko tarterik izan ez duten langileek azken aukera dutela hurrengo egunetan webgune bidez sinadura emateko.