2019-07-24 12:43
Joan den uztailaren 22an lau haizetara emandako prentsaurrekoaren helburua, propaganda egitea baino ez zen izan. Orain dela urte bat zehazki, ELAk Jaurlaritzari exijitu zion zehaztu zezala inbertsio funtsen helburua. Sindikatuaren esanetan "Eusko Jaurlaritzak hainbeste hitz egiten duen errotzea alde batera utzi eta enpresa-errentagarritasuna erabat lehenetsi du".

Eusko Jaurlaritzak bi inbertsio-funts abiarazteko iragarri duen asmoaren aurrean, bat publiko-pribatua eta bestea erabat publikoa, ELAk honakoa adierazi nahi du:

Pasa den urteko iragarpenean salatu genuen bezala, Jaurlaritzak ez du parte hartzeko biderik ezarri sindikatuok gure iritzia eman eta funts horien diseinuan eragin ahal izateko. Aldiz, funts publiko-pribatuaren sorreran, Price Cooper Waterhouse zerbitzuen laguntza jaso du, Asier Atutxak zuzendutako kontsultora, zeina EAJren ardura ezberdinak dituzten pertsonen ate birakari bihurtzen ari da. Funts honen sorrera eta honen kudeaketa gestore pribatu bateri lagatzea, euskal produkzio ehunaren pribatizazioan murgiltzeko beste pausu bat besterik ez da.

 Joan den astelehenean lau haizetara emandako prentsaurrekoaren helburua, propaganda egitea baino ez zen izan. Orain dela urte bat zehazki, ELAk Jaurlaritzari exijitu zion zehaztu zezala inbertsio funtsen helburua, interpelazio hori industria-proiektu estrategikoei eta herrialdeko sektore eta jarduera traktoreetan enpresa-tamainaren hazkundeari bide emateko propagandapean, Jaurlaritzak ez zuen inola ere zehaztu. Hazkundearen, enpleguaren sorkuntzaren eta EAEko aberastasunaren argudiopean egin zena, prekarietatean, enpresetan parte hartze publikoa dagoen lan baldintzen ikuskatze faltan eta Naval bezalako sektore estrategikoen itxieran bilakatu da. Horrela, Eusko Jaurlaritzak hainbeste hitz egiten duen errotzea alde batera utzi eta enpresa-errentagarritasuna erabat lehenetsi du.

ELA bat dator erakunde publikoak enpresa jakin batzuen kapitalean sartzearekin. Horren alde gaude, baina baldintza batzuekin. Funts publikoen jasotzaile izateko lan-baldintza egokiak bete behar lirateke (prekarietaterik edo soldata-arrakalarik ez, lan-osasuna, euskara sustatzea...). Era berean, Euskadiko nazioz gaindiko enpresei giza eskubideak eta eskubide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak errespetatzeko ere galdatu behar zaie internazionalizazio-bidean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du horrelakorik egiten, eta kapitalean parte hartu arren, bost axola zaio enpresa horiek nola jokatzen duten. ELAk eskatzen du partaidetza publikoa duten enpresetan irizpide horiek nahitaez bete beharrekoak izatea.

ELAk bere egunean iragarri zuenez, aurrezki-kutxen bankarizazioak (Eusko Jaurlaritzaren oniritziaz) ondorio larriak ekarriko zituen; besteak beste, herri honetan metaturiko aurrezkia pertsonengana eta ekoizpen-ekonomiara bideratzeko tresna nagusi bat galtzea. Komenigarria litzateke orduko hemeroteka errepasatzea, proiektu haren sustatzaileek Kutxabanken "finantza-giharrari" buruz egindako promesak berriro ikusteko. Guk orduan iragarri genuena orain gertatzen ari da: Kutxabank desinbertituz joan da hainbat enpresatan, eta bide horretatik jarraituko du. Alde horretatik ELAk azpimarratu nahi du bankarizazio-politika horrek Eusko Jaurlaritzaren babesa izan duela, eta horregatik ondorio txarren erantzukizuna berari dagokiola.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.