2020-03-10 17:59
Gaur mahai sektorialaren deialdi urgentea egin du Lan Harremanetako Zuzendariak, gai ordenean bi puntu zirelarik: “Koronabirusari buruz hartutako neurrien inguruko informazioa” eta “Telelanerako salbuespenezko neurri urgenteak”.

ELA gaurko bileratik oso etsita irten da, koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko ez baita ezer funtsezkorik jakinarazi. Sindikatuak gaur bertan eskatu du Lan eta Funtzio Publikoko sailen arteko bilera, herri-administrazio guztietarako neurri orokorrak koordina ditzaten, sektore bakoitzean hartuko diren neurriak gorabehera.

Lan Harremanetako zuzendariak egin duen bakarra izan da Prebentzio Zerbitzuak Jakinan eskegi izan dituen irizpideak azaltzea (haatik, langile guztiek ez daukate Jakinarako sarbidea), sindikatu guztiak ordezkatuta dauden Prebentziorako Zentroarteko komitearen bilerak (hemendik aurrera ostiralero bilduko da) eta, “salbuespenezko” neurri gisa, telelanaren luzapena orain arte lan egiteko era honetan ziharduten langileentzat.

Halako egoera berezian gaudela, telelanean aritzeko aukera Lakuako langileei ere eskaini behar zaie, baina ez soilik eurei: egunero eta multzo handitan autobusez joan-etorria egiten dutenek ere behar dute.

Prebentzio neurriak pautatu eta zorroztu egin behar dira, eta ez utzi zentro eta bulegoetako arduradunen esku; are exijenteago jokatu behar da publikoa hartzen duten zerbitzuetan (Lanbide, Zuzenean, Ibaiondo).

Bestalde, ELAk eskatu du kontziliazio baimenak zabal daitezela, ikastetxe eta prestakuntza zentroak itxi diren honetan. Lan harremanetako zuzendariak erantzun du egun indarrean dauden baimenak nahikoak direla, baimen berreskuragarriak esaterako, edota hitzarmenean jasotako besteak. Proposamen oso pobreak egin ditu: “baimen berreskuragarriak egoera honetan baliatzea; eguneroko gutxieneko lanaldiak, orduak hiru edo sei hilabetetan berreskuratzeko aukerarekin”, etab.

Bilera laburra izan da eta ez da beste emaitzarik izan, baina esan digute beste proposamen batzuk egin ditzakegula (aurrez azaldutakoa aldatzeko asmorik ez badago ere).

ELAren helburua aurrerantzean ere izango da Administrazioko langile guztiek zor zaien informazio eta prestakuntza jaso dezatela, ezar daitezela neurriak kutsatzeko arriskua murrizteko eta kontziliazio sistemak (telelana, baimenak) langile guztiek kontziliatzeko aukera izan dezaten, areago egoera honetan, lan eta famili bizitza.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.