2018-10-17 11:21
Eusko Jaurlaritzak iragarri du datorren astean plazaratuko duela 2019rako bere aurrekontu proiektua. Hori dela eta, Mikel Noval ELAko azterketen arduradunak adierazi du “proiektu hori berriz ere murriztailea izango da, azken urteetako doikuntza eta murrizketa politiken jarraipena”.

"Diru-bilketa aurreikuspenen gainetik hazi bada ere, horrek ez du esan nahi aurrekontuak hobetuko direnik”, esan du Novalek; “izan ere, Eusko Jaurlaritzak Rajoyren gobernuarekin adostu baitzuen 2018-2020 epealdian gastu-araua beteko zuela”. Arau honen ondorioz, 2019ko aurrekontuaren hazkundea ezin izango da %2,7 nominala baino handiagoa izan.

ELAko arduradunak salatu duenez, “honek esan nahi du ogasunek biltzen duten dirua gehitu arren aurrekontuaren igoera gehienez %2,7koa izango dela. Gastu-araua aurrekontu-politika jakin bat justifikatzeko aukera ematen dien perbertsio bat da, zerbitzu publikoak eta prestazio sozialak eraistera bideratutako politika alegia. Ezin da kalitatezko osasun-sistema publikorik edota beharrizan sozialen araberako hezkuntza-sistema publikorik izan aurrekontuetatik horietara aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen bada. Eta horixe da, hain zuzen, gastu-arauaren xedea”.

Aurrekontuen eztabaida dela eta, Novalek esan du ezin dela “batetik esan ezkerreko posizioetan zaudela eta bestetik saldu aurrekontuen inguruko akordioa irits daitekeela Eusko Jaurlaritzak proposatutako oinarrien gainean. Urkulluk edo Erkorekak 'errealismoa' aipatzen dutenean benetan esaten ari dira ez dutela beren aurrekontu-politikaren kutsu neoliberal eta antisoziala aldatzeko asmorik, eta nahi dutela beste alderdiek politika antisozialak babestea, hauek zalantzan jar ez ditzaten”. Hartara, Jaurlaritzaren beraren hitzak gogora daitezke: “soziorik hoberena da kontuak gutxien nahasten dizkizuna”.

Azkenik, ELAk arbuiatu egin ditu Urkullu Lehendakariaren adierazpenak; honek dioenez, ezin da aurrekontu-politika zerga-politikarekin lotu, Novalen arabera “Lehendakariak adarra jo nahi digu halako gauzak esaten dituenean. Gogoratu beharra dago bere gobernuak PPrekin 2018ko aurrekontuak aurrera ateratzeko lortu zuen akordioan berariaz jasotzen zela Sozietateen Zergako tasa nominala jaistea. Urkulluk azaldu egin beharko luke zergatik zen posible iaz aurrekontuak eta fiskalitatea lotzea, eta aurten aldiz ez. Fiskalitatean goitik beherako aldaketarik egin ezean politikak kontinuistak izango dira".

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.