2018-12-06 15:06
CEBEK patronalaren jarrera aldatu ezean datorren abenduaren 12an greba hasiko da Bizkaiko bulego eta despatxuetako sektorean. Arlo honetako lana oso ezezaguna da, areago, ikusezina, herritar gehienentzat.

Ingenieritza eta aholkularitza enpresa, elkargo profesional edota administrazio-bulegoez gainera eremu honetan egiten dute lana informatikoek ere, hots, egunerokoan bizimodu normala izateko aukera ematen diguten langileek. Hauei esker posible da metrora sartzea, kutxazain automatikoetatik dirua ateratzea, baina baita udaletan, Aldundian, Jaurlaritzan zein beste administrazioetan egiten den eguneroko jarduera gauzatzea ere, azpikontrata prekarioak medio. Sare informatikoa bertan behera geratzeak zer ekar lezakeen pentsatuz gero hasiko gara jabetzen zenbaterainoko garrantzia duen grebara deituta dauden langileen eginkizunak.

Horregatik, bateragarri izango badira greba eskubidea eta Lan eta Justizia sailak ezarriko dituen gutxieneko zerbitzuak, beharrezkoa da beste sektore batzutan baino ezagutza maila handiagoa.

Gure ustez Lan sailak prozesu hau ordena jakin batean egin beharko luke, goian aipatutako helburua posible izan dadin irizpide jakin batzuk jarraituz: Lehenik enpresei eskatu beharko lieke egin ditzatela gutxieneko zerbitzuen inguruko proposamen zehatzak; ondoren alde sozialak aztertuko lituzke, eta kontrako argudioak eman, behar izanez gero; azkenik, alde biak entzuteko bilera bat egin beharko litzateke. Honelako prozesurik ez badago, oinarrizko greba eskubidea berriz ere urratuta geratuko litzateke.

Haatik, Eusko Jaurlaritzak zer egin du? Idatzi batean esaten digu aurrez alegazioak egin ditzakegula, baina enpresen eskariak ezagutu gabe. Bilera bat eskatu eta ukatu egin digute. Garaiz gabiltza oraindik. Greba hasi arte sei egun ditugu. Gutxieneko zerbitzuen agindu ahalik zehatzena egiteko borondatea behar da, denen eskubideak aintzat hartzeko, baita oinarrizko greba eskubidea ere. Bestela beldur gara ez ote den gutxieneko zerbitzuen agindu orokor bat argitaratuko, zeina enpresek baliatuko duten greba eskubidea urratzeko; noski, auzitegietara joko dugu, eta epaileek arrazoia emango digute, baina beranduegi. Garaiz gabiltza hau gerta ez dadin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.