2018-09-25 10:25
Steilas, LAB, CCOO eta UGTek irakasleen sektorerako sinatutako aurreakordioak ordezkapenak lehen egunetik egitea jasotzen zuela azpimarratu zuten. Eusko Jaurlaritza hori ez da betetzen ari. ELAk gobernuari exijitzen dio ordezkapenak lehen egunetik egitea eta azken urte luzeetan ezarritako murrizketekin amaitzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea.

Azken ikasturteetan gogor salatu dugun moduan, krisia aitzakiatzat erabiliz, Eusko Jaurlaritzak (EAJ, PSOE eta PPren babesarekin) murrizketa gogorrak inposatu dizkigu zerbitzu publikoetan, hauek deskapitalizatuz. Irakaskuntza publikoan, inbertsioak nabarmen egin du beherantz (2009an BPGaren %4,3koa izatetik 2018an %3,5 izatera pasatu da: 596 milioi euroko murrizketa). Eta honek noski, eragin larriak izan ditu hezkuntza publikoan: matrikulazioaren gorakadak eta honen aurrean gela gehiago ez sortzeko erabaki politikoak ratioen %9,1ko igoera eta 1.800 lanpostu inguru ez sortzea ekarri du, lan kargak nabarmen handituz, behin behinekotasuna %38koa da, %15eko eros ahalmen galera izan dute langileek, gaixo egotea zigortu da, erretiroa errazteko neurriak atzera bota eta zaildu dira...

Egoera honen aurrean, mobilizaziora jotzea beste irtenbiderik ez zigun utzi Jaurlaritzak. Horrela, ELAk, LAB eta Steilasekin batera, mobilizazio eta greba dinamika potente bat jarri zuen abian. Greba eta mobilizazio hauek izan zuten jarraipen zabalak argi utzi du hezkuntza publikoko langileak egoera honen jakitun garela, egoera salatzeko prest gaudela eta aldaketak lortzeko borrokatzeko gogoz gaudela.

Greba eta mobilizazioek gobernua mugi araztea lortu zuten arren, bere proposamenak hezkuntza publikoaren beharretatik eta gure aldarrikapenetatik oso urrun zeuden oraindik. Gobernuarekiko presioa eta mobilizazio maila handitze fasean ari ginela, tamalez, LAB lehendabizi eta Steilas ondoren, Eusko Jaurlaritzaren estrategian erori eta langileon desmobilizazioa eragin zuten. Lehenik Haurreskoletan (LABek soilik sinatu zuen), ondoren Heziketa Berezia eta Sukalde eta Garbiketako sektoreetan akordioak sinatuz, eta azkenik irakasleetan. Murrizketei buelta eman eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzuteko aukera historiko bat galdu genuen.

Maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UTGrekin batera irakasleen sektorerako sinaturiko aurreakordioko edukiek ez zieten erantzuten mobilizatzera eraman gintuzten aldarrikapenei (ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, eros ahalmenaren berreskurapena, erretiro primak berrezarri eta erretiroa errazteko neurriak ahalbidetzea, behin-behinekotasuna %6ra murriztu eta plantilen kontsolidazioa bermatzea). Horrela salatu genuen maiatzean.

Akordioak greba eta mobilizazioetara eraman gintuen aldarrikapenetariko bakar bati erantzuten zion: ordezkapenak lehen egunetik egiteari, alegia.

Tamalez, ordea, ikasturtea hasi berri den honetan, sinatutako akordioen gabeziak eta sinaturikoa bera ere betetzeko Hezkuntza Sailaren konpromisorik eza agerian geratzen hasi dira. Honela, ordezkapenak ez dira lehen egunetik betetzen ari, izan ere, Jaurlaritzak hau betetzeko baliabiderik ez baitu aurreikusi. Adinagatik murriztutako ordu lektiboak zaintzara bideratzen ari dira. Eros-ahalmena berreskuratzeko inolako asmorik ez dago, irailaren 19ko mahai orokorreko bilera ostean sindikatu guztiok salatu bezala. Erretiroa errazteko edota primak berreskuratzeko inolako asmorik ez dago. Ratioak bere horretan mantentzen dira, hezkuntza beharren indizearen eta HH3ko geletarako aurreikusitako neurriek oso ikastetxe gutxitan izan dutelarik eragina eta apenas arindu dutelarik lan karga. Eta airean eta zehaztu gabe jarraitzen dute hezkuntza publikoaren funtsezko gabeziak bideratu eta lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoak diren hainbat aldarrikapenek, behin behinekotasuna %6ra murriztu eta langileen kontsolidazio prozesu bidez plantilen egonkortasuna bermatzeko neurriek, esaterako.

Gauzak horrela, ELAk irakaskuntza publikoko irakasleei dei egiten die egoera honen aurrean egoerari buelta emateko antolatu eta borrokatzera eta Hezkuntza Sailari exigitzen dio murrizketa politikak alde batetara utzi eta gure hezkuntza sistemaren gabeziak konpondu eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak, berehala, har ditzala.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.