2020-04-12 12:07
Osasun datuek erakusten dutenez, pandemia kontrolatzetik urrun gaude oraindik. Hala ere, gobernu espainiarrak funtsezkoak ez diren sektoreetako jarduerari berrekitea erabaki du, nahiz eta horrek konfinamendu soziala defendatzea eta jarduera ekonomikoaren zati batekin ez egitea dakarren.

Egoera honetan, ELAk salatu du hurrengo hilabeteetan, COVID-19aren hedapena kontrolatutzat ematerik dagoen momentutik aurrera ere, berriro ere birusaren hedapena ez azkartzeko eta langileen osasuna bermatzeko lantokietan prebentzio neurri eraginkorrak izatea ezinbestekoa izango dela. ELAk horregatik egin zuen publiko testuinguru hau kudeatzeko proposamen bat. Ziur gaude gure proposamena gauzatuko balitz langileak seguruago sentituko liratekeela beren lanpostuetan.

ELAren proposamenari muzin eginda, Eusko Jaurlaritzak bere kontura onartu du enpresak martxan jartzeko gida. ELAren ustez gida horrek bereziki bi elementu falta ditu:

  • Enpresek prebentzio neurrien faltaren ondorioz langileak kutsatzeko arriskuan jartzen dituztenean jarduera eteteko konpromiso argia.
  • Ikerketa lanak egiteko eta oinarrizko prebentzio neurriak bermatzeko ikuskari nahikoa izatea. Egun Osalan eta Lan Ikuskaritzak dauzkaten baliabideekin ezinezkoa da sindikatuek ordezkaritzarik ez duten lantokietan ikerketa lana egitea, sindikatuok ezartzen ditugun salaketak azkar ikertzea edo lantokietara azaltzea neurriak betearazteko.

Berriro diogu, ez da posible Sidenorren gertatu bezala, Ertzaintza azaltzea osasun-neurriak betetzen dituen kontzentrazio bat disolbatzera eta inongo autoritate publikorik enpresa horretan ez sartzea oinarrizko osasun neurri horiek betetzen ziren ikertzera. Eusko Jaurlaritzak langileen bizia arriskuan jartzen duten enpresarien aurrean berriro ere bakarrik utzi gaitu. ELAn argi dugu ez-betetze horiek ematen diren lantokietan jarduera geldiarazten saiatuko garela eta hori sindikatuak egin behar izateak segurtasungabezia sentsazioa hedatuko du.

Langileok eta prebentzio neurriak hartzen ari dien enpresek eskertuko lukete argi izatea enpresaren batek prebentzio neurriak betetzen ez dituenean autoritate publiko eraginkor bat izango dela jarduera geldiarazteko.

Krisi larri baten aurrean baliabideak berbideratu behar dira. Eusko Jaurlaritzak langileen osasunari garrantzia emango balio baiabideak jarriko lituzke lantokietan ere beren osasuna bermatzen dela ziurtatzeko. Gida honek argi erakusten du, berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren obsesio bakarra enpresak nola edo hala martxan jartzea dela, baina ez du langileek hori modu seguruan egingo dela ikusteko baliabide eta konpromisorik hartu nahi.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.