2021-04-20 17:35
Zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoa sortzeko eta behin-behineko lanpostuen kontsolidazioa eskatzeko ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK-k EAEko sektore publiko osoan apirilaren 22rako deitutako greba orokorraren atarian, Eusko Jaurlaritzak "inoizko gutxieneko zerbitzu handienak" ezarri dituela salatu dute. Adierazi duenez, Gobernuaren erabakiak grebarako oinarrizko eskubiderik gabe uzten ditu milaka langile; gainera,bereziki larria da erabaki hau, kontuan hartuta eguneroko bizitzan ez duela neurririk edo baliabiderik jartzen zerbitzu publikoak indartzeko eta herritarren osasun publikoa bermatzeko. Horregatik guztiagatik, Gutxieneko Zerbitzuen Aginduaren aurka dagokion errekurtsoa jarriko dutela iragarri dute.

Sindikatuen ustez, deigarria da birusa aitzakia bihurtu izana esparru eta zerbitzu askotan % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, batez ere, pairatzen ari garen osasun-egoera larriari aurre egiteko, erakundeek uko egin diotelako esparru eta zerbitzu horietan bertan gure historia hurbileko osasun-krisi handienari aurre egiteko beharrezko errefortzuak martxan jartzeari.

Gogorarazi dutenez, gutxieneko zerbitzuen aginduaren helburua oinarrizko zerbitzu atzeraezinak emateko ezinbesteko gutxieneko zerbitzua ezartzea dela. "Hori horrela izanik, argi dago % 100eko gutxienekoak ezartzeak berekin dakarrela, normalean, zerbitzu horiek aurrera ateratzen dituen plantilla ezinbesteko gutxienekoa izatea, hau da, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egitea. Are gehiago, askotan, ezarritako gutxieneko zerbitzuek egunerokoan lan egiten duten langileen kopurua gainditzen dute ", deitoratu du.

Sektoreka aztertuz gero, zaintzaren arloan, greba-eskubidea baliogabetzen du Aginduak, % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu. ELAk gogorarazi du pandemiak bereziki kaltetu duela eremu hori, ez baitira ezarri behar ziren errefortzuak eta baliabideak.

Osasun-arloan, greba-eskubiderik gabe uzten ditu milaka langile, gutxieneko zerbitzuak guztiz abusuzkoak baitira. Hori bereziki garrantzitsua da kontuan hartzen badugu osasun-krisiari aurre egiteko baliabiderik ez dutela.

Hezkuntzan, gutxieneko zerbitzuak inoiz ezarritako altuenak dira. Sindikatuak azpimarratu duenez, sektore honetan ez dira ezarri osasun publikoa bermatzeko behar diren neurriak eta baliabideak.

"Greba oztopatu eta ikusezin bihurtzeko eta sektore eta lantokietako giroarekin bat ez datorren normaltasun itxura emateko saiakera argia da; izan ere, langileen batzarretan egindako bozketa ugarietan, gehiengoak grebaren alde egiten du", laburbildu du.

Azkenik, Lan eta Enplegu Sailak Agindua gaztelaniaz bakarrik bidali duela salatu du, "gure hizkuntza eskubideak urratuz. Oso larria da".

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.