2020-10-13 11:43
ELAk Hezkuntza Berezian lan egiten dutenen osasunerako, bizitzarako eta osotasunerako eskubidea babesteko demanda aurkeztu zuen irailaren 30ean. Kautelazko neurri gisa, Eusko Jaurlaritzak berak onartutako protokoloan jasotako Norbera Babesteko Ekipoak (NBE) pertsona horien esku berehala jartzeko eskatu zuen. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du auzitegiek emandakoa bete, eta langileen osasuna babesteko bermeak murriztu ditu.

Eskola presentzialen lehen egunetan, zehazki irailaren 8an, ELAk Hezkuntza Saileko Prebentzio Zerbitzuan salatu zuen Hezkuntza Bereziko langileek NBErik gabe lan egiten zutela. EAEn 1.050 langile daude sektore horretan. Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 2ko protokoloaren arabera, langile horiek NBE bereziak eraman behar dituzte beren osasuna bermatzeko: FFP2 maskarak, erabili eta botatzeko eskularruak, biserako pantailak eta erabili eta botatzeko mahuka luzeko mantalak.

Prebentzio-zerbitzuaren erantzunik jaso gabe hiru aste igaro ondoren, eta langileek beharrezko NBEak gabe jarraitzen zutela egiaztatuta, ELAk demanda bat aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, beste sindikatu batzuek egin zuten bezala. Demandan eskatzen zen NBEak berehala plantillaren esku jartzea, osasuna babesteko kautelazko neurri gisa. Auzitegiek onartu egin zuten kautelazko neurriak eskatzea, eta autoa eman zuten Hezkuntza Sailari agintzeko NBEak berehala jar zitzala langileen esku.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna azkarra eta onartezina izan da. NBEen erabilerari buruzko jarraibide bat aurkeztu du, NBE berezien erabilera egoera zehatzetara mugatuz. Hau da, sindikatuek norbera babesteko ekipamendurik ez izateagatik egindako salaketa publiko zein judizialen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du errekurtsorik jarri; aitzitik, NBEaren falta hori "argudiatzen" saiatu da, ekaineko protokoloaren NBEen erabilera orokorra alde batera utziz eta segurtasun-protokoloa aldatuz, NBE bakoitzaren erabilera egoera jakin batzuetara mugatuz. Horrela, Hezkuntza Sailarentzat ez da beharrezkoa langileen segurtasuna bermatzeko behar den babes-materiala jartzea, baizik eta dagoena egoeraren arabera "arrazionalizatzea". Argi dago Eusko Jaurlaritzak jarrera defentsiboa lehenetsi duela jaso dituen eskarien aurrean, nahiz eta horrela langileen eta ikasleen osasuna arriskuan egon.

ELAk Eusko Jaurlaritzaren utzikeria salatu du; izan ere, osasun-neurriak garaiz bermatzeko baliabideak ez planifikatzeaz gain, jokabide berarekin jarraitzen du, ikasturtea hasi zenetik hilabete oso bat igaro baita. Gaur egun, eskoletan kutsatzeko arriskua ez da minimoetara eraman, eta langileen eta ikasleen osasuna arriskuan dago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.