2019-11-28 15:58
Espainiako Gobernuak Gasteiz inguruko lur azpian gasa bilatzeko zundaketak egiteko baimena eman du. Baimen hau Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SA (Shesa) enpresari eman zaio, Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sorturiko enpresa hain zuzen ere. Argi dago zein den Eusko Jaurlaritzaren energia politika, energia fosilekin aurrera egitea.

Ingurumen Kalitaterako Zuzendaritzak Gasteizko Armentia 2 putzuan gasa ateratzeko proiektuaren ingurumen inpaktuaren aldeko deklarazioa egin du. Txosten honen arabera lan hauek ez dute kalterik eragingo. Baimen eskaera honen aurrean Fracking Ez Arabak eta Berriztuk helegitea aurkeztu zuten, egun gutxian bildu zituzten 2.000 sinadurarekin batera.

Baimen hau ez da fracking bidez gasa ateratzeko, beste teknika batzuen bidez zundatzeko baizik, baina horrek ez du esan nahi kalterik eragingo ez duenik:

-Produktu kimiko ugari erabiliko dira zulaketetan eta hauek lur azpiko uretan bukatuko lukete horrek suposatzen duen larritasunarekin.

- Gasa ateratzean metano ihesak izaten dira eta horrek klima aldaketan CO2ak baino 25 aldiz eragin handiagoa du.

- Ekonomikoki diru xahutze izugarria suposatzen du. Frackingna bultzatzen zen garaian eskatutako baimenen zati handi bat bertan behera geratu dira ez delako errentagarria.

- Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, Armentia 2 putzua baso balioko lurzoru urbanizaezinean dago kokatua eta beraz gas zundaketa debekatua dago leku honetan. Gainera Gasteizko Mendietako Parke Naturalaren proiektuaren eremuan dago.

Arrazoi guzti hauengatik, benetako trantsizio energetiko batean inbertitzea exijitu dute Fracking Ez Arabak eta Berriztuk. ELAk ere bat egiten du aldarrikapen honekin eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu zundaketa baimen hauek alde batera utzi eta trantsizio energetikorako beharrezkoak diren pausuak eman ditzan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.