2019-11-12 16:54
ELAk eta Eudelek Funtzio Publikoko sailburuordearen planteamenduekiko jarrera kritikoa agertu dute, euskal sektore publikoan behin-behinekotasunaren arazo larria konpontzeko balio ez dutela argudiatuta.

Jaurlaritzak EAEko Administrazio Orokorreko (Autonomia Erkidegoa) funtzionarioen kidegoei eta eskalei buruzko lege-proiektua aurkeztu behar zuen Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan, gai ordenak agindu bezala. Bilera, ordea, oso bestelakoa izan da. Izan ere, eta ELAk salatu bezala, Jaurlaritzako, foru aldundietako, Eudeleko, eta ELA, LAB, CCOO eta UGTko ordezkariak bilduta zirela, bat-batean Euskal Funtzio Publikoko sailburuorde eta Funtzio Publikoaren Kontseiluko buru Andrés Zearretak boto partikular bat aurkeztu du, gai-zerrendan ageri ez zen gai bati buruz hitz egiteko: Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren 19. eta 20. xedapen iragankorrak hizpide izateko, hain zuzen ere. Kontuan hartu behar da Legearen edukia eta aplikazio-eremua nabarmen aldatzen dituzten xedapenak direla hauek, beraz oso larritzat jo du ELAk gertaturikoa.

Sindikatuaren ustez, Funtzio Publikoko sailburuordeak erregelamenduaren erabilera maltzurra egin du, eta, bere boto partikularrarekin, Legebiltzarrean izapidetzen ari den beste lege baten xedapenak sartu ditu: zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuaren 19. eta 20. xedapen iragankorrak. Aipatu Legea Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatu guztiek baztertu zuten, eta Euskal Administrazio Publiko osoari eragiten dio, ez bakarrik Administrazio Autonomo Orokorraren eremuari (Kidego eta Eskalen Lege Aurreproiektua eremu honetakoa da ostera).

Sailburuordearen jokabideak negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du, ez baita dagokion esparruan, Mahai Orokorrean negoziatu. Horregatik, ELAk bere zerbitzu juridikoekin aztertuko du ea sailburuordearen jarduna zuzenbidearen aurkakoa ez ote den.

ELA ez zaio Sailburuordearen boto partikularrari atxiki, “sailburuordeak erabilitako prozedura nabarmen irregularrarengatik eta txertatutako xedapen iragankor hauen eduki erabat eskasagatik”. Hain zuzen ere:

  • Gure herrialdeko enplegu publikoan bizi dugun egoera dramatikoaren aurrean, Estatuko behin-behinekotasun tasarik altuenarekin (40.000 langile baino gehiago aldi baterakoak dira), kontsolidazioa publizitatu bai baina bermatzen ez duten xedapen horien bitartez lanean urteak daramatzaten milaka langilek lanpostua galtzeko arriskuan egon daitezkeelako, edo kasurik onenean, langile prekario eta aldi baterakoak izaten jarrai dezaketelako aurrerantzean ere.

  • X.I. horiek 8 urtetik gorako antzinatasuna duten eta aldi baterakotasun-tasa% 40tik gorakoa den eremuetan dauden langileei soilik eskaini liezaieke (bermatu gabe) kontsolidazioa, betiere azterketak gainditzen badituzte. Xedapenok beraz oso eskasak dira, ez diote konponbidea ematen enplegu publikoak bizi duen salbuespenezko egoerari, eta egoera dramatikoak eragin ditzake.

  • ELAren antzeko jarrera izan du bileran izan den Eudeleko ordezkaratzak ere.

Kidego eta Eskalen Lege Aurreproiektuari dagokionez, ELAk boto partikularra aurkeztu du, arrazoi hauengatik:

  • Aurreproiektu hau ez da berria. Aurrekoan ezarritako gidalerroei jarraitzen die. Berrikuntza garrantzitsu bakarra EBEPen mende egotea da. Ez dago erabakitzeko euskal esparrua garatzeko edo bultzatzeko inolako asmorik.

  • Titulazioak tarteko, lege honek zaildu egiten du Kontsolidazio-LEPa, aldi baterako langile gehienek Bolognaren aurreko titulazioak dituztelako. Lehenik eta behin, langileak finkatu behar dira, eta, ondoren, lege honen negoziazio-prozesu serio bati ekin beharko litzaioke, baina ez da prozesu hori eman.

    Zenbait gaitan, eztabaida- eta erabaki-eremua ukatu egin zaio Eusko Legebiltzarrari, eta gobernuaren arbitrariotasun-tartea zabaldu da.

ELAk eskatu du Legebiltzarreko hurrengo izapidean talde politikoek Aurreproiektu horren irakurketa zehatza egin dezatela, eta beharrezko aldaketak txertatzea lortzen ez badute, Kontseiluan onartutako testua itzul dezatela, behar bezala negoziatzeko eta hobetzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.