2019-02-05 16:45
ELAtik egoera hau oso larritzat jotzen dugu eta egoera honekin berehala amaitzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, partxe txarrak eta sasi-egonkortasun proposamenak alde batetara utziz eta arazo estrukturalei konponbide estrukturalak emanez, hau da, langileon ordezkariekin urteetan prekarietatera kondenatu dituen langileak kontsolidatzeko formulak adostuz.

2018ko maiatzean, hezkuntza publikoan greba eta mobilizazio dinamika potente bat martxan genuela, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek desmobilizazioa eragin zuen akordioa sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin. Momentu horretan salatu genuen akordio honek ez ziela grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten, zehaztasun falta izugarria zela eta krisi urteetan zehar hezkuntza publikoan emandako murrizketei buelta emateko aukera historiko bat galdu genuela. Ikasturte berria hasi ahala ikusten joan gara akordio honek ekarri dituen ondorioak eta maiatzean salatu genuenean berrestera eramaten gaitu egunerokoak. Sinatutako sasi-akordioak pairatzen genituen lan baldintza kaxkarrak ez ditu hobetu.

Ordezkapenak etapa guztietan lehen egunetik betetzea izan zen akordio horren onura bakarra eta ikasturtea hasi denetik Hezkuntza Sailak hau ere ez du bete. Honek argi eta garbi erakusten du zein den Jaurlaritzaren politika eta hau baldintzatu nahi badugu mobilizazioaren presioaz soilik lortuko dugula.

Momentu honetan ematen ari den egoera lotsagarria da; ez dira ordezkapenak betetzen ari honek langileentzat suposatzen duen lan karga gehigarriarekin. Eta zer esanik ez hezkuntza prozesuan honek dituen eraginak. Gainera, egoera hau, jadanik hezkuntza publikoan pairatzen den ratioen muturreko politikari gehitzen zaio (ikasturte hasieran prentsaurreko bidez aurkeztu genuen txostenean aztertzen genuen moduan).

Salaketen aurrean, Hezkuntza Sailak sindikatuoi ordezkapenak lehen egunetik egiteari buruko akordioaren ez-betetzea justifikatzeko bidali digun eskutitzean ematen dituen arrazoiak guztiz onartezinak dira. Alde batetik, ordezkapen eskaerak asko igo direla dio, eta bestetik, izangai gehienek astebete baino gutxiagoko iraupena duten kontratazio motzei uko egiten diotela, errua langileena balitz bezala! Lotsagarria!

ELA sindikatutik argi daukagu hau prekarietatearen kudeaketa txar baten ondorioa dela. Behin eta berriro salatu dugun moduan, irakasle funtzionarioen kolektiboan behin behinekotasuna %40koa da eta gorantz doa. Honi benetako irtenbide bat eman beharrean eta sindikatuokin behin behinekotasun hau %6ra jesiteko kontsolidazio prozesu bat adostu beharrean, partxe txar bat den eta arazo hau ere konpontzen ez duen sasi-egonkortasun proposamenarekin aurrera jarraitzen du. ELAtik ordezkoen kolektiboa kontsolidatzeko proposamenak behin baino gehiagotan jarri ditugu mahai gainean, esaterako, urteko jardunaldiaren %75 edo gehiago lan egiten duten ordezkoen lanpostuak sortu eta langileak kontsolidatzea (eskualdeko ordezkapenak betetzeko).

Guztiz onartezina da Eusko Jaurlaritzak, sortu duen prekarietate sistema perbertso honen bidez, lan egin ahal izateko langileak hamaika zerrendatan apuntatuta egotera eta urte luzeetan zehar prekarietate eta ziurgabetasunera kondenatu ondoren, beste behin ere ordezkapenak ez betetzearen ardura langile hauen gain jartzea.

ELA sindikatutik egoera hau oso larritzat jotzen dugu eta egoera honekin berehala amaitzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, partxe txarrak eta sasi-egonkortasun proposamenak alde batetara utziz eta arazo estrukturalei konponbide estrukturalak emanez, hau da, langileon ordezkariekin urteetan prekarietatera kondenatu dituen langileak kontsolidatzeko formulak adostuz.

ELAren iritziz erabaki hauek larriki kaltetzen dute hezkuntza publikoa eta ezinezkoa da egoera hau luzaroan jasatea. Guzti honen aurrean ELAk konponbide egokia ematea exijitzen dio Hezkuntza Sailari, egoera honen erantzulea den heinean. Eta behin behinekotasuna eta prekarietatea betikotzen duten neurriak bereharala bertan behera uzteko exijitzen dio, Hezkuntza publikoko langile guztiei antolatu eta mobilizatzeko deia luzatzen die, argi geratu baita hori dela egoerari buelta emateko bide bakarra.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.