2018-05-10 16:37
ELAk kargu hartu dio maiatzaren 8ko akordio hutsal horri. Ezin da ulertu Eusko Jaurlaritzak goitik behera eta kosta ahala kosta talde honi babesa ematea, bere langileak kaleratzeko ERE bat duela gutxi eginagatik ere.

Eusko Jaurlaritzak eta Siemens-Gamesa multinazionalak maiatzaren 8an ezagutzera eman zuten akordio bat iritsi zutela; honen helburua, “euskal industria eolikoaren garapen industrial eta teknologikoa bultzatuko duten proiektu estrategikoak garatzea”. Haatik, Arantza Tapia Industria sailburuak eta Markus Tacke Siemens-Gamesako kontseilari ordezkariak sinatutakoa asmo-akordio bat besterik ez da, ez dago paperean inolako konpromiso konkreturik.

ELAk gogoratu nahi du duela urtebete ere bere kritika adierazi zuela Siemens multinazionalak Gamesa bereganatu zuenean. Gamesa, hasieran sustapen publiko handia izan zuena, erabat kontrolpean hartu du erraldoi alemanak. Eusko Jaurlaritzak operazioa txalotu egin zuen. 2017ko maiatzean galdegin genien Gasteizko zein Iruñeko gobernuei has zitezela lanean Euskal Herriko lanpostu guztiak bermatze aldera. Ez zuten halakorik egin.

Jakina denez, Siemens-Gamesa multinazionalak azken hiletan 222 lanpostu amortizatu ditu ERE bidez. Prozesu horretan ez du bermatu nahi izan gainerako lanpostuak mantenduko zirenik. Multinazionalak beti bere interes korporatiboak lehenetsi izan ditu, eta ez dio axola euskal lantegietako bere langileek enplegu egonkorra edo baldintza egokiak ote dituzten.

Horregatik, ELAk kargu hartu dio maiatzaren 8ko akordio hutsal horri. Ezin da ulertu Eusko Jaurlaritzak goitik behera eta kosta ahala kosta talde honi babesa ematea, bere langileak kaleratzeko ERE bat duela gutxi eginagatik ere. Honek ere agerian uzten du Jaurlaritzako Industria sailburuak nahiago duela propaganda egin eta atzerriko enpresak ez gogaitu, eta ez daukala benetako politika industrialik egiteko asmorik, horrek emango lukeen arren aukera kalitatezko lanpostuak sortu eta bermatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.