2020-10-05 11:39
ELAk agerraldi publikoa egin du Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin BPGren defizitaren mugari buruz lortutako akordioa aztertzeko. Sindikatuaren ustez, akordioak uko egiten dio autogobernuari, euskal erakundeek beren buruei aurrekontu-mugak ezartzen dizkietelako, gainerako autonomia erkidegoek izango ez dituztenak.

Pedro Sanchezen Gobernuak irailaren 30ean iragarri zuen 2020 eta 2021 ekitaldietarako kendu egingo zirela defizit eta zor mugak, baita gastu-araua ere, Estatuko lurralde eta administrazio guztietarako. Haatik, egun horretan bertan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Ekonomia Itunaren bitariko batzordean akordio bat iritsi zuten, zeinaren arabera EAEko erakunde horiek defizita mugatuko duten BPGaren %3,5ra 2020an eta %3ra 2021ean.

Gizarte politiken arduradun Mikel Novalen ustez, “ulertu ezineko urratsa eginez, espainiar Estatuko gainerako erakundeei muga horiek kendu egingo zaizkiela iragarri den egunean bertan, Jaurlaritzak eta Aldundiek esan zuten batzordetik irteterakoan akordioa ‘historikoa’ zela, noiz eta beren buruari beste inork izango ez duen muga bat ezarri ziotenean. Europan eta espainiar Estatuan bi ekitaldietarako arau fiskalak bertan behera uztea erabaki denean EAEk bere gastu ahalmena mugatzea hitzartu du. ELAren iritziz erabakia oso larria da, eta guztiz ulergaitza”.

“Sekula ikusi gabeko akordio hau benetan lotsagarria da, autogobernuari uko egiten diolako eta dauden beharrizan sozialei aurre egiteko borondaterik ez dagoela adierazten duelako. Egia da ‘historiko’tzat jo daitekeela, baina batez ere gure erakundeak zeharo barregarri geratu direlako eta amore eman dutelako halako gai garrantzitsuan. Oraingoan bai, tratua aldebikoa eta desberdina izan da, baina beste lurralde batzuk baino emaitza okerragoarekin”.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren ustez, guzti honetatik ondorio bat eta bakarra atera dezakegu: Urkulluren eta Mendiaren gobernuak apustu neoliberala egin du, eta aitzindari izan nahi du austeritate neoliberalaren errezetak aplikatzerakoan, baita egungo abagune larrian ere. “Gogoratu beharra dago defizit eta zor publikoaren mugak, baita gastu-araua ere, politika publikoetan doikuntza politikak ezartzeko mekanismoa direla. Horregatik, egin beharrekoa beste zerbait zen: Rajoyk aurrera atera zuen Aurrekontu- eta Finantz-Egonkortasun Legea indargabetu (ez soilik bi urtez, behin betirako baizik), honek sortu baitzuen mekanismo hori. Halaber, Konstituzioko 135. artikuluaren erreforma (ziztu bizian Zapaterok Merkeli egin zion oparia) ere bertan behera utzi behar da, horrek lehentasuna ematen baitio zorraren ordainari, beharrizan sozialen kaltetan”.

Lakuntzak eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Aldundiei eta Nafarroako Gobernuari (azken honek honek 2020rako BPGaren %2,6ko muga adostu zuen estatuarekin), akordio horiek bertan behera utz ditzatela eta 2020 eta 2021erako ezarri den arau fiskalen etena bere egin dezatela. “Hau ezinbestekoa da Euskal Herriko erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek eta udalek) handitu ditzaten aurrekontu-sailak oraingo krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak agerian utzi dituen beharrizanak osatzeko. Epe laburrean zorpetzeko aukerarekin batera zerga-erreforma egin behar da diru-bilketa zeharo gehi dadin. Bestela, zor publikoa hazi egingo denez, berau izango da aitzakia 2022an murrizketa gogorrak ezartzeko. Halako zerbait bizi izan genuen 2008ko krisian, eta ez genuke onartu beharko berriro gertatzerik”.

Gogorarazi behar da ELAk maiatzean 24 proposamen plazaratu zituen; horien artean, neurri konkretuak hartzea Sozietateen zergan eta Ondarearen eta Fortuna Handien zergan; horrela diru-bilketa 3.750 milioi gehitu liteke EAEn eta 900 Nafarroan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.