2018-09-11 17:49
Mahai Orokorraren datorren asteazkeneko bileran EAEko herri-langileentzako 2018 eta 2019ko soldata-igoeraren proposamena aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak. ELAren aburuz Eusko Jaurlaritzak bere egin du PPren eta UGT, CCOO eta CSIF sindikatuen arteko akordio guztiz urria. Izan ere, 30 urte beharko dira galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko.

ELAk berriz ere salatu behar du Jaurlaritzak begirunea galdua diela herri-langileei eta haien ordezkari diren sindikatuei. Zeren proposamena hedabideen bitartez plazaratu du, Mahai Orokorreko sindikatuei aldez aurretik jakinarazi gabe, eta beraz negoziatzeko aukerarik eman gabe.

ELAk ezezkoa emango dio Gasteizko gobernuaren proposamenari, PPk UGT, CCOO eta CSIF sindikatuekin, 2018ko martxoan, egindako akordioa bere egiten duelako. Izan ere, akordio horrek babesa eman die austeritate-politikei, eta ez ditu indargabetu sektore publikoari hain ondorio larriak ekarri dizkioten dekretuak. Gogoan izan behar dugu, gainera, akordio horren aplikazioa baldintzapean geratu dela, hots, autonomia-erkidegoek defizit-helburuak, gastu-sabaia eta zor-muga betetzearen baldintzapean. Halaber, oinarrizko legeen bidez eskuhartzeko ahalmena bere horretan jarraituko du.

Proposatu duten soldata-igoera, erabat eskasa izateaz gain, ez zaio lotuko KPIri. Datorren urteko KPIren aurreikuspenak betetzen badira, 2019an beste galera bat izango dute eroste-ahalmenean; eta onenean ere, 30 urte baino gehiago beharko dira azken urteotan EAEko administrazio publikoetako langileek galdu dutena berreskuratzeko (%15).

Gaixotasun-bajetan lansarien %100 berrezartzeko Jaurlaritzaren erabakiari dagokionez, esan behar dugu murrizketa hori Patxi Lopezen gobernuak ezarri zuela, eta ez zela inoiz aplikatu behar izan, herri-langileei zein zerbitzu horien herritar jasotzaileei zekarzkien ondorio larriengatik.

Datorren asteazkeneko bileran ELAk eskatuko dio Andres Zearreta sailburuordeari austeritate-politikak alde batera behingoz uzteko, eta baita Madrili jarraipen itsua egiteari uzteko ere. Eta horrekin batera eskatuko diogu benetako negoziazioko aldi bat hasteko, azken urteotan galdutako eroste-ahalmenaren %15 berreskuratzeko, eta enplegu-arloko akordioak lortzeko. Zeren sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa %35etik gorakoa baita, sektore pribatukoa baino askoz handiagoa. Premiazkoa da sektore publikoan behin-behineko enplegu prekarioarekin amaitzea, milaka behin-behineko langileren postuak finkatuz; eta baita azken urteotan murrizturiko gainerako lan-baldintzak lehengoratzea ere.

Azkenik Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei ELAk eskatuko die ez diezaiotela proposamen horri babesik eman, eta eska diezaiotela Jaurlaritzari benetako negoziazioko aldi bat hasteko, soldata eta enplegu arloetako akordioak egiteko aukera zabaltzearren.

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.